#Info7AgurBira Mugimendu feministaren loraldi berria bizitu eta kontatu dugu

Azken hamarkadan herri mugimenduren batek goraka izan badu, mugimendu feminista izan da hori eta Info7 Irratian hori ere bizitu eta kontatu dizuegu. Horregatik, gaur, Iruñea aldera jo dugu 'Agur Bira' honen baitan, mugimendu feministako kide izateaz gain, irratiko kolaboratzaile ere badiren Amaia Zufiarekin eta Begoña Zabalarekin elkartzeko.

Audio_placeholder

#Info7AgurBira Mugimendu feministaren loraldi berria bizitu eta kontatu dugu

Loading player...
Begoña Zabala eta Amaia Zufia
Begoña Zabala eta Amaia Zufia

Lehendabizi, urte hauetan zehar Info7 Irratiarekin izandako esperientziaz galdetu diedu eta Begoñak hartu du hitza; «Ni Kalegorrian saioko tertulietan hasi nintzen. Oker ez baldin banaiz, hasieran hiru ginen eta, azkenean, Juan Ibarrondok eta biok jarraitu genuen luzaz. Egia esan, oso esperientzia aberasgarria izan da neretzako. Batetik, nafar bat eta arabar bat ginelako tertulian eta horrek, agenda politikoak agintzen duenaren gainetik, gure lurrari loturiko gaiak lantzeko aukera ematen zigun. Eta bigarrenik, beti feminismoari loturiko gairen bat jorratzen genuela eta ni oso gustora sentiten nintzen».

Amaiak berriz, Info7 Irratia “eskola txiki bat bezala” oroitzen du, izan ere, «garai horretan Bilgune Feministako koordinazio ekipoan sartu nintzen eta Arrosa Sarearekin akordio moduko bat genuen. Astelehenero, Zebrabidea magazinean gai feministak lantzeko tarte bat genuen eta Nekane Zinkunegirekin batera egiten nuen. Oroitzen dut gainera, Nekanek pila bat prestatzen zuela eta plazer bat zela berarekin irratian aritzea». Hori bai, Amaiak aitortzen du «lehendabiziko aldia» zela horrelako zerbait egiten zuela eta hasieran oso urduri jartzen zela dio. Halere, uste du bere burua «ahalduntzeko oso ariketa polita izan zela». Gustatu zitzaion irratia nonbait Amaia Zufiari, Info7 Irratiko Talaiatik tartean ere parte hartu baitzuen tarteka iritzia emanez Bilgune Feministaren izenean. 

Kontzientzia feminista

Amaiari bi momentu datozkio burura bote-prontoan kontzienzia feminista noiz piztu zitzaion galdetzerakoan. Lehendabizi, gazte mugimenduan militatzen zuen garaia ekarri du gogora, izan ere, une horretan «harreman ereduen, bizi-ereduen, militantzia ereduen… inguruan hausnartzen hasiak ginene eta 'Trikimailu' deituriko jardunaldi batzuk antolatu genituen Iruñean eta nik, behintzat, hor deskubritu nuen feminismoa». Eta burura datorkion bigarren uneak aisialdiarekin du zerikusia, garai berdinean aisialdi talde batean sartu zelako Amaia eta bertan, ere hitzetan, “sexualitatearen inguruan, genero rolen inguruan… pila bat ikasi nuen». Garai horretan, feminismoarekin topatu zela dio Amaiak eta gaineratzen du «orduz geroztik, bestelako betaurreko batzuk jantzi nituela esango nuke, nere burua eta mundua beste modua batean eraikitzen lagundu didaten betaurrekoak».

Feminismoa eta feminista izatea prozesu bat den arren, beti daude norberaren bizitza pertsonalean aztarna uzten duten momentuak edo mugarriak eta Begoñarena ez da salbuespen bat. Berak “momentazo” bat aipatzen du une edo mugarri hori deskribatzerako orduan ; «Niretzako mugarria 1976ko urtarrilean Bilbon egin genuen lehen asanblada feminista da. Une horretara arte, ez nik eta ez beste inork, ez genuen feminismoarekin kasik esperientziarik». Asanblada haretan, emakumeak bakarrik bildu ziren. Gaur egungo ikuspegitik normala dirudiena, garai horretan berritzailea zen eta Begoñak kontatzen duenez, «asanblada horretan gai guztien inguruan eztabaidatzeari ekin genion». Bada ordea, beste mugarri bat Begoñaren bizitzan, 23 urte bete zituenean bere amak Simone de Beauvoir-en liburua oparitu zionekoa, hain justu. Begoñak gogoratzen duenez, idazle frantses feministarena «garai horretan debekatuta zegoen liburua zen» eta ororitzen du ere «argitaletxe argentinar batek argitaraturiko itzulpen bat zela».

Hemen Begoña Zabalak, Bizkaiko mugimendu feministako kide Itziar Gandariasekin batera, 2018ko greba feministaren harira egindako hausnarketa Kalegorrian saioan :

Greba feminista

Info7 Irratian beti egin du ahalegin berezi bat mugimendu feministaren agenda gertutik jarraitu eta batez ere, ikuspegi feminista gure eguneroko kazetaritza lanean txertatzeko. Zentzu horretan, pasa den martxoaren 8ko greba feministan erredakzioko emakume guztiok grebarekin bat egin genuen eta giznezkoek berriz, 'pikete feminista' egin zuten egun osoan zehar grebaren jarraipen berezia eginez eta emakumeei ahotsa emanez. Hemen, M8ko grebari eman genion atxikimendua azaltzen duen abistea.

Erreportai bereziak

Urte hauetan guztietan, gai feministak modu desberdinetan landu ditugu Info7 Irratian eta zaila da horien laburpena egitea. Akaso nabarmendu nahiko genueen elkarrizketa horietako bat da Maite Bidarte kazetariak martxoaren 8ko grebaren atarian, 77 urte dituen Kontxita Beitiari egin ziona: «Ez zaizue penagarria iruditzen zaintza emakumeon esku egotea?»

Gogaingarria da ere, besteak beste, euskal feminismoari eta feminismo abertzaleari lotuta Eider Olazarrek egindako elkarrizketa. 'Euskal Feminismoa' bezala ezagutzen den tendentzia 70.hamarkadan sortu zen Euskal Herrian zapalkuntza hirukoitzaren artikulaziotik. Bi korapilo nagusi izan ditu bere sorreratik gaurdaino: mugimendu feministaren baitan eta ezker abertzalean aitortza lortzea. Urratsak zein hutsuneak ikusten dituzte Amaia Andreuk eta Miren Arangurenek. Hemen lotura entzun dezakezue.