Gurean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak bultzatuta, bi lanuzte nagusi egongo dira egunean zehar. 11.00etatik 15.00ak arte goizean, eta 18.00etatik 22.00etara arratsaldean. CGT-k eta CNT-k, ostera, greba orokorra egitera deitzen ditu emakumeak eta CCOO eta UGT-k aldiz, lau ordutara mugatzen du deialdia, bi ordu goizean eta beste bi arratsaldean.
Greba feminista eragina izaten ari da info7 irratian ere. Goizeko 08:00etan hasi ohi den Kale Gorian magazinik ez da izaten ari, Amaia Zurutuza lankideak grbarekin abt egin duelako. Bide beretik, grebak eragin nabarmena izango du webgunean eta sare sozialetan ere, maite Bidarte lankideak ez duelako egunero bezala guzti horren ardura hartuko.
Horrez gain, egun osoan zear jarraipen berezia egingo diogu greba feministari, Euskal herriko hiri eta herrietan giroa nola bizitzen ari diren kontatukoi abitigute bertatik orduroko boletinetan.
Eta eguerdiko 12:00etako mobilizazioetan eta Gaueko 20:00etako manifestazioetan Baiona, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostiarekin egingo dugu bat.
Nolanahi ere, enpleguaren greba planto egunaren ardatz bat besterik ez da izango, hezkuntza, kontsumoa eta zaintza ere geldiaraztea baita ere mugimendu feministaren jomuga. Eguneko aldarrikapen nagusiak ere lau esparru horietan kokatuko dira.
Diruz ordaindutako enpleguaren alorrean, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala nabarmena da. Euskal Herrian eta urtean bataz beste, emakumezkoek gizonezkoek baino 7.500 euro gutxiago irabazten dute eta prekarietate tasa handiagoak pairatzen dituzte, hala nabarmendu zuten bederen ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaiak eta Hiru sindikatuak joan den astean egindako agerraldian. Sexuaren araberako lan banaketa ere mahai gainean jarriko dute gaurko protesta egunean.
Etxeko txikienen zein aiton amonen zaintza emakumeen esku gelditzen da bereziki, bai eta etxeko lanen ehuneko handiena ere. Egungo sistema ekonomikoak zaintza lanak alboratu eta ikusezinak bihurtzen ditu. Gaurko egunean zaintza lanei bizkarra ematea proposatzen du mugimendu feministak. Eta haiei muzin egin ezinean dauden emakumeei ere sinbolikoki bat egitea galdegiten zaie, amantala etxeko leihoan zintzilikatuz edota besoko more bat soinean eramanda.
Entzun Kontxita Beitia 77 urteko erretiratuarekin egin dugun ERREPORTAJEA.
"Zaintza lana profesionalizatu egin behar da" hala esan digu Bidez Bide elkarteko Soraya Curriyok. Emakumeekin egiten dute lan, etxeko zaintza lanetan aritzen diren emakumeekin. Ia denak etorkinak.
Hezkuntza alorrean ere nabarituko da mobilizazio eguna. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere ikasketa greba egitera deituak daude gaur, genero rolak eta estereotipoak birproduzitzen dituen hezkuntza sistema eraldatzeko.
Kontsumoa ere bada planto eguneko ardatza. Egunean zehar ez kontsumitzeko deia luzatu du mugimendu feministak, bereziki emakumeen gorputzak kontsumorako objektu bihurtuz eta salmentarako erabiltzen dituzten saltoki handietan. Kontsumo grebarena, gainera, herritar guztientzako eskaera da.