"Kirol-lehioa", hala zuen izena Mikel Ibargoienek astelehero-astelehenero gurean egiten zuen kirol saioak. Emakumeak ziren protagonista, kirol-emaitzak emateaz gain, asteburuan jokatutako partiden balorazio eta sentsazioak biltzen zituen astero protagonistak ziren kirolarekin. Urrats handia zen guretzako saio hau 2 urtez egitea.
Kirolak beti izan baitu eta badu oraindik lekua hedabideetan, telebisan nahiz irratian, baina tamalez gizonen kirolari soilik egiten zaio tartea eta egoera iraultzeko urrats txiki bat emateko jarri genuen martxan Info7 Irratian "Kirol Lehioa" saioa. «Hutsune handi bat bete genuen» esan du Ibargoienek, «nik dakidala ez zuen inork egiten emakume kirolari buruzko saio bat».
Kirolari aunitz elkarrizketatu zituen Ibargoienek. Gogora ekarri du nola hasieran lan handia egin behar izan zuen harremanak egiteko eta saioaren berri emateko, baina, denborak aurrera egin ahala, saretze hori handituz joan zela.
Egindako elkarrizketa horietako batzuk berreskuratu ditugu #perta moduan.Besteak beste, Paloma del Rio kirol kazetari ezaguna elkarrizketatu zuen Mikel Ibargoienek, ibilbide luzeko kazetaria da del Rio, bere ahotsa maiz aditu dugu telebistan bere ardura izaten baita RTVEn gimnastika erritmikoan eta artistikoan zein irristaketa artistikoaren jarraipena egitea. Ibargoienek aitortu digu elkarrizketa egiten zion bitartean «txiki» sentitu zela, «a ze maila duen» pentsatu zuela segituan.
Berarentzako beste erreferente bat den beste kazetari bat ere elkarrizketatu zuen Ibargurenek Kirol-Lehioa saioan: Naxari Altuna. Euskadi Irratian aritzen den kirol kazetaria. Futbol kontuetan aditua jarraipen berezia egin dio bet emakumeen futbolari.
Solasaldi berezian ere gogoratu dugu Athletic-Erreala derbian egin genuen zuzenekoa. Hotzari aure eginez lehen aldiz emititu genituen bi taldeen norgehiagoka. Larraitz Lukas izan zuen ondoan pardida komentatzen. Horren harira gogoratu dugu Lukasi egindako elkarrizketa. Realaren elastikoaren aritzen zen futbolean, hura utzi eta aditu bezala aritzen da Naxari Altuna kazetariarekin telebistan.
Tertuliako beste gonbidatua da Patxi Gaztelumendi. Aspalditik badu harremana irrati honekin. "Talaiatik" iritzi-tartean makina bat kolaborazio eginak ditu. Horietako bat hauxe: "Grebatik demokrazioa ekonomikorantz". Eta behin grebak aipatzen hasita, balorean jarri dugu Info7 irratian egiten ziren greba nazionalen jarraipen saioak. Herriz herri, eskualde-eskualde biltzen ziren datuak eta egiten ziren zuzeneko konexioak eskualde bakoitzean grebak izandako eraginaren berri jakiteko. Patxi Gaztelumendik 2013ko maiatzaren 30eko greba nazionalean Bilbotik eman zigun gertatzen zenaren berri, ez nolanahi, traktore baten gainean egin zuen. «Unitate mugikor berezia da traktorea» esan du Gaztelumendik.
Greba orokorrean, Patxi Gaztelumendi lehen sektoreko langileekin bat egitea ez da kasualitatea. Hurbileko mundua du lehen sektorea, denbora gutxi iraun bazuen ere Info7 irratian gai horri buruzko inguruko saioa egin zuen: "Baserritik Mundura". Bozgorailu beharra duen sektorea dela esan du Gaztelumendik: «guztiz zapalduta dago» esan du, nahiz eta gero, gehitu duen azken aldian gorakada bat izan duela elikadura burujabetzaren gorakadagatik, eta nabarmendu du ere, ipar Euskal Herrian beti izan duela prestigioa lehen sektoreak.
Beste perla bat aukeratu du ere Gaztelumendik. 2014ko irailaren 11an, Diada egunean, hain zuzen, egindako konexioa. Konexio bikoitza izan zen, arratsaldeko bostetan, lehena, boletin informatiboaren tartean; 14 minutu geroago. 17:14 minutuan «Historikoa ari da ziaten» esan zuen Gaztelumendik.