Ane Urkiri

Irene Paredesen balentria

Aurtengo martxoaren 8a, ez da zalantzarik, berezia izan zela. Hainbat zertzelada tarteko. Baina egunari are indar gehiago batzeko, arratsalde aldean, kirol arloko notizi batekin jabetu ginen: Irene Paredes futbol jokalaria munduko hamaikako onenerako hautatu zuten. Euskal Herriko aurreneko jokalaria aitorpen hori jasotzen.

Audio_placeholder

Irene Paredesen balentria

Loading player...
Ane Urkiri Talaiatik
Ane Urkiri Talaiatik

FIFPro plataformak, edo futbol sindikatuak 60.000 afiliatu baino gehiago ditu, eta mundu osoko jokalari zein entrenatzaileek bozkatu zuten hamaikako onena osatzeko bozketan. Erdiko defentsa gisa, Wendy Renard frantziarrarekin partekatzen du tokia.

Saria edo aitortza ez da zori kontua. Paredes Ilintxa futbol taldean hasi zen futbola ezagutzen, Zarautzen hazi zen futbolari gisa, atletismoko txapelketetan nabarmentzen zuen bitartean. Realak deitu eta atletismoa alde batera utzi eta futbolean buru-belarri jarri zen. Ez zen ametsetako hasiera izan, hegalean jokatzen hasi zen, poliki poliki. Hegaleko atzelari gisa bere lekua egiten joan zen, azken denboraldian erdialdean nabarmendu zuen arte.

Athletic bezalako klubak segituan jo zuen beregana eta legazpiarrak ezin uko egin futbolari gisa hazteko aukerari. Finalak galdu, liga azken unean galdu, eta azkenean hainbeste desiatutako liga eskuratu zuen, taldeko giltzarri izanik. Atzelari jokatuta ere bere golak askotan lagungarri izan baitziren. Zer esanik ez Madrilen, Atletico Madrilen aurka jokatutako neurketan.

Desiatutakoa lortuta Pariserantz joan zen, futbola ogibide izateko ametsa betez. Futbola besterik ez du buruan, frantses ikasketekin batera. Denboraldi baterako sinatu, eta segituan beste birako berritu zuen PSGk. Championseko finala jokatu zuen iazko udan, zorte ez zuen lagun izan, Athleticekin hainbatetan izan ez zuen legez. Olympique Lyon dute aurkari zuzena, eta paristarrak bigarren dira, lidertzatik 5 puntutara.

Bitartean, hala ere, Paredesek hazten jarraitzen du. Futboletik bizi den jokalari bakanetakoa da, eta ez da lorpen makala. Hainbat urtetan ikasketak tartekatu behar izan ditu kirolarekin, goi-mailako kirolarekin. Umiltasunez eta lanarekin heldu da heldu den tokira. Euskal Herriko jokalaririk onena dela esatea ere ez litzateke gehiegikeria. Dena ez da zoria. Disfrutatzen jarrai dezala, bere lorpenez guztiok disfrutatuko dugu eta.