Koldo Garcia

Botikak geneen neurrira

Askori noizbait gertatu izan zaigu: medikura joan, tratamendu bat jarri, estandarra izan ohi dena, eta itzuli behar izatea funtzionatzen ez duelako. Orduan dosia aldatzen digu edo botikaz aldatu eraginkorra den tratamendu bat aurkitu arte. Egia esan ez dirudi oso zientifikoa tratamendu ezberdinak saiatzen joatea egokia den bat aurkitu arte. Eta zer esanik ez gaixo moduan galtzen dugun denbora, osatzea luzatzeak sortzen digun frustrazioa eta mesfidantza ere, zergatik ez zigun bada hasieratik pilula hori dosi horretan eman?

Audio_placeholder

Botikak geneen neurrira

Loading player...
Talaiatik Koldo Garcia
Talaiatik Koldo Garcia

Medikuntza pertsonalizatua delakoak hori hobetzea posible egingo duela hitz ematen du. Teoria oso erreza dirudi: bakoitzak dituen geneen arabera botikak eta tratamendu egokiak hasieratik ezartzea. Zeren, jakin badakigu, gene batzuren arabera botika batzuk modu efizienteagoan prozesatzeko gai garela edo, guztiz kontrakoa, dosi oso altuak beharko liratekeela. Eta kasu horietan hobeto beste sendagai batekin saiatzea.

Ideia hau ez da soilik gaixotasunen tratamendura mugatzen. Halako hurbilketa elikaduran edota ariketa fisikoan ere proposatu da: dieta zure geneei egokitzea, lesioak ekidingo dituzten ariketak burutzea, etab. luze bat.

Zientzia-fikzioa ala guk biziko dugun zerbait? Bada, Estatu espainoleko osasun ministroak erkidegoetako arduradunei medikuntza pertsonalizatuari buruzko proposamen bat egingo diela iragarri du. Apirilean egingo omen duten batzarrean zirriborroa aurkeztuko ei die eta 2019ko hasierarako martxan egotea nahi du. Egia esan ez dakigu zein arloetan eta nola aplikatuko den, azken finean analisi genetiko piloa egin beharko da hau gauzatzea nahi bada; ezta zein punturaino erabilgarri egongo den eta, batez ere, sosak nondik aterako diren. Hauteskundeei begira ke soila ala benetako berrikuntza? Ikusiko dugu.

Bitartean botiken, gaixotasunen eta geneen arteko harremanak ikertzen jarraitu beharko ditugu medikuntza pertsonalizatua benetan gauzatu ahal izateko. Zeren ikerkuntzarik gabe, gure osasuna hobetzea bai dela ezinezkoa.