#Info7AgurBira «Eskerrik asko beti egon zaretelako senideon sentipenak entzuteko prest»

Info7 Irratiko 13 urtetako ibilbide honetan maiz hitz egin dugu euskal preso eta senideen egoeraz. Batzuetan albiste pozgarriak emateko, beste batzuetan, albiste latzak. Bilbon elkartu gara Jone Artola eta Jagoba Goitia Etxerateko senideekin. Lehenak aspalditik ezagutzen du kartzela «1986an hasi nintzen lehen bidaiak egiten, oraindik, hala jarraitzen dut» anaia izan zuen preso, orain,  semea. Jagoba Goitiak dela 16 urte ezagutu zuen dispresioa, semea Murtzian du orain «zure senidea dagoen lekua da zure bizitokia, hori da munduaren zentroa» esan du dispertsioa zer den azaltzeko. Info7 irratian bizitutako hainbat momentu gogoratu ditugu beraiekin.

Loading player...
|10/12/2018 14:09
Loading player...

Aspaldiko laguna da irratian Jone Artola, beti prest senideen testigantza irratian emateko. Eta horrela, zuzenean kontatu genuen, 27 urte eta gero, bere anaia aske geratu zen unea. Estrasburgok Parot doktrinari buruzko epaia eman eta gero elkarrizketatu genuen, eta kasualitateak kasualitate, momentu horretan geratu zen aske anaia «itxon, utzi behar zaituztet, esaten didate kanpoan dagoela» esan  eta telefonoa eseki zigun zuzenean, nola ez ba. Egin genion elkarrizketa hura berriro aditzeko aukera izan du orain,  irribarre bat ahoan esan du «27 urte anaia itxoiten eta gero libre geratu zenean oraindik bidean ginen». Anaia aske geratu, taxi bat hartu eta ondorko gasolindegian itxoin ziela azaldu digu gaur.

Gogoratu dugu urtarrila hasieran egiten den manifestazio erraldoia ere. Info7 Irratiak saio berezia egin du urte luzez, zuzeneko erretrasmisioa egin eta senideei ahotsa emanez. «Pilak kargatzen zaizkizu» esan du Jagoba Goitiak eta Artolak gehitu: «Egun horretan sentitzen duguna da babes handia, sentimenduz beteriko eguna da, eskertzekoa». Jagobak nabarmendu du berak hiru zatitan banatuko lituzkela urtarrileko manifestazioan sentitzen dituen sentipenak. Lehenengo momentu berezia, senide guztiak elkartzen direnekoa «urte osoan ikusten ez ditugun senideak elkar ikusten dugu» esan du; bigarrena, manifestazioaren abiatzea «jendeak negar egiten du emozioz» esan du Jagobak; eta hirugarrena, manifestazio bukaera «beti badugu esperantza bat hurrengo urtean ez garela han izanen», baina aurten ere, urtarrialren 12an Udaletxe aurrean izanen direla esan du. 

Baina senideek bizi duten egoera ankerrak badu beste alde goxoago bat, eta hori da, jendartean jasotzen duten elkartasuna. Horren adibide da Mirentxin, hainbat kartzeletara jeisten diren furgonetak, bolondreski kudeatzen direnak. Mirentxinen sorrera gogoratu dugu gurean. Mirentxinen alabak berak azaldu zigun nola hasi ziren elkartasun bidai kudeaketa hau.

«Paris, Madril, Alacant eta orain Murtzia» dio Jagobak. «Zenbat kilometro egin ditugun jada? Ba hona etorri aurretik kalkulatu dugu milioi bat kilometro baietz» esan du Artolak.  Hala ere, okerrena errepideko istripuak direla dio Goitiak.  Hori zer den aski ongi daki bere ondoan dagoen Artolak, semea bisitan  istirpua izan zuten 2014an. Oraindik,  hilabetero hilabetero pasa behar dute hortik. Istripua larria izan zen eta 6 hilabete pasa zituen errekuperatu eta berriro semea bisitatu arte. Nola ahantzi gertatutakoa? Jagobak dio dispertisoaren ondorioz hildako 16 herritarrak onartu behar direla, hasi direla urratsak ematen, baina, hori ez dela nahikoa.

«Dispertsioa gure eguneroko ogia da» esan du Jagobak «gure bizitzen erdigunea ez da gu bizi garen tokia, baizik eta zure senidea bizi den herria, nire kasuan hasieran izan zen Madrid...orain da Murtzia». «Estres egoera bat da» gehitu du Artolak: «zure aisialdia horretan ematen duzu, oporrak barne».

Fustrazioa

Egoerak ez duelako hobera egiten senideak fustratuak daudela ere nabarmendu dute elkarrizketan. «Lau preso hurbildu dituzte baina ez dituzte Euskal Herrira ekarri, eta esango nuke, laurak egon beharko luketela, berez, aske» dio Artolak «larriki gaixo dago bat» jarri du adibidetzat. Baina senideek oinak lurrean dituztela esan du, eta bakitela «gure presoak politikoak dira eta trukean erabiltzen dituzte». Baina, Artola kexu da politikariek gauza asko esaten dituztela eta bete, gutxi. «Mingarria da guztientzako» dio Jagobak.

Proiektu berrian zer?

#Info7Agurbira berezi honetan beste gonbidatuei galdin bezala senide bikote honi ere luzatu diegu galdera. Zer nahiko zenuke proiektu berrian?  Argi du Jagobak: «gizartearen zerbitzura egotea, orain arte bezala, lan handia dago egiteko, beraz, animo asko!» Jonek aldiz, eskari zehatza egin digu: «ostiraleko agurra, agur bereziak izan dadila " «bidaia on eta besarkadak banatu handik!» esan dezagula agur moduan.

Info7 Irratia eta elkartasuna

13 urte hauetan atzera begira jarri eta zaila da aukeraketa bat egitea. Baina berreskuratu ditugu hainbat momentu #Info7AgurBira honetan gogoratzea merezi dutenak. Senideek beti izan dute lekua Info7 Irratian, makina bat elkarrizketa egiteaz gain, Etxeratek, beste hainbat kolektibo edo eragilek bezala, TALAIATIK atalean parte hartzen zuen. Hilabetean behin iritzia zabaltzeko talaian hauxek Etxerateko Urtzi Errazkinek eskandakoak.

Gogoratzekoa ere Arantza Zulueta eta Txema Matanzasi kartzelari buruz egindako elkarrizketa «En aislamiento buscan romperte, que te sientas animal, no persona».  Hemen entzun dezakezue irratiko elkarrizketa, GARAk plazaratutako artikulua eta Naiz.eus-ek egin zuen bideo laburpena.

Kartzelako egunerokoa ezagutzeko beste saiakera bat izan zen Karelean udako saioan egiten genuen "Kartzelako errezetak" tartea.  Bertan, preso ohiek erakusten ziguten nola kozinatzen zuten, beharrezko osagaiak lortzeko zeintzuk ziren bazituzten trikimailuak, nola konpartitu egindako plater goxoa patioko kideekin. Adibide bezala, hauxe: Galder Cornago preso ohi donostiarrak Fleury Merogisen pasa dituen zazpi urteetan egin zituen jakien berri eman zigun. Ziegan kozinatzen zuten, baldintza ez oso honetan, baina,  «Jesukristoren pizzak egiten genituen» esan zuen gurean.

Asko ikasi genuen kolaborazio horiekin. Kalegorrian saioan ere izan zuen jarraipena tarte honekin, beste sukaldari batzuen kolaborazioetara batu ziren preso ohiak. Hemen Pakito Lujanbiorekin egindakoa «Espetxean sukaldatzeko egoerak okerrera egin du»

Emakumea eta kartzela

Berezia ere Sara Majarenasi egin genion elkarrizketa. Espetxean 13 urte bete eta gero aske da jada Sara Majarenas. 2017ko urtarrilean indarkeria matxistaren biktima izan zen, bere alaba Izarren aita haurra hiltzen saiatu baitzen. Aske geratu eta horrela eman zuen bere testigantza Info7 Irratian: «Mi mayor deseo es que nuestros niños no tengan que viajar miles de kilómetros para ver a su ama y a su aita».

Kartzela oso presente dago euskal jendartean, baina bertan izan arte batek ezin jakin nolakoa den kartzela eta zein ondorio dituen. Espetxearen inguruan ere sortu da imaginario bat, gizonaren ikuspuntik, baina. Info7 Irratian  saiakera berezi bat  egin dugu espetxeko imaginario hori zabaltzeko, emakume espetxeratuen errealitatea ezagutarazteko. Oihana Etxebarrietak egin zuen “Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une?” tesina, hizpide hartu eta hiru emakume elkartu genituen mahaiaren bueltan. Oihana bera, eta Arantza Santesteban eta Olatz Dañobeitia euskal preso politiko ohiak eta kolaboratzaile ditugunak. Euren bizipenetatik ateratako irakasgaien berri eman ziguten. Entzuteko hemen.

Aske!

Irratiak berezitasunik badu, bere azkartasuna da. Eta horrek posible egin du elkarrizketa oso bereziak egitea. Besteak beste preso bat aske geratu eta atarian edo Euskal Herriko bidean dela bere lehen hitzak zabaltzea. Horren adibide, 27 urte eta gero hemen Juanjo Legorbururi egindako elkarrizketa.

Galtzetan gordetzeko

"Galtzetan gordetzeko" saioa hamabostero emititizen zen Info7 irratian, astearterko gaueko 22:00tan. Joseba Sarrionandiaren "galtzetan gordetzeko koplak" olerkitik hartu zuen izena, gauza asko baitira galtzetan gorde daitekenak. Euskal presoen inguruko albiste, erreportai, elkarrizketa eta agendaren errepasoa egiten zen saioan. Miren Azkaratek eta Batix Ezeizak gidatzen zuten saioan. Hemen, saioak entzungai.

INFOS ASSOCIÉES