"Pozgarria da Zilbetiko harrobiaren kontrako sententzia, baina pozoia sartu dute bailaran"

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Zilbetiko Alduide mendiko Antzeri pagadian Magna enpresak egin nahi zuen harrobiaren egitasmoa bertan behera utzi du. Halaber, Nafarroako gobernuak iragarri du ez duela kasazio helegiterik jarriko, epaia "irmoa" delako. Gurean Xabier Errea Alduide Mendi Koordinakundeko kideak esan du "pozik" hartu dutela erabakiaren berri, baina bailaran harrobiak sortu duten tentsioa lasaitzeko urte batzuk beharko direla. Haratago, Mendialdearen eta Pirinioetako bailaren garapen sostengarria martxan jartzeko eskatu dio Barkosen gobernuari.

Loading player...
Zilbetiko Antzeri pagadia
Zilbetiko Antzeri pagadia

Auzitegietan eta burokrazian urteak pasa ondoren, Alduide Mendi Koordinakundeak eta SEO/Birdlife taldeek fruituak jaso dituzte: Nafarroako Auzitegi Nagusiak geratu egin du Magna enpresaren harrobi proiektua. Xabier Erreak azaldu digu, 2005ean Natura 2000 Europako babes eremuan sartu zutela Alduide. Halaber, 2010ean UPNren gobernuak baimena eman zion Magnari harrobia egiteko. "Gustura" mintzatu da Errea egindako borrokarekin eta auzitegiaren erabakiarekin. Nafarroako gobernuak aitortu bezala, "epaiak zirrikitu gutxi ditu helegitea jartzeko". Xabier Erreak uste du epaiak horrelako eremuen "babesa" indartzen duela. Baina urte hauetan lanpostuak galduko zirela zabaldu dute harrobiaren aldekoek, eta horrek tentsioa sortu du bailaran. "Pozoia sartuta dago, eta denbora beharko da sendatzeko" dio Erreak. Alduide koordinakundeak helburu sakonagoak ditu: "UPNk urteetan abandonatu duen Nafarroako mendialdeak etorkizuna behar du, garapen sostengarria, eta bide horretan borroka egingo dugu" adierazi du Erreak.