Iñaki Antiguedad

Egokitze/Arintze politikak, arrisku globala!

Begiratu berri dut Munduko Ekonomia Foroak, Davosen bildua, azken urteetan egin legez aurton ere argitaratutako txostena: Arrisku Globalak 2018. Herrialde eta sektore askotako eragileen perspektibak eta pertzepzioak hartzen ditu oinarri. Ondorioz, 5 kategoriatako arrisku globalak zerrendatu dira: Ekonomikoak, Anbientalak, Geopolitikoak, Sozialak eta Teknologikoak. Zerrendatu eta ordenatu, kontuan izanda arriskuok gertatzeko probabilitatea eta, gertatzekotan, balizko inpaktua.

Audio_placeholder

Egokitze/Arintze politikak, arrisku globala!

Loading player...
talaiatik Iñaki Antiguedad
talaiatik Iñaki Antiguedad

Interesekoa da txostenek bildutakoa denboraren perspektibatik ikustea. Gertatzeko probabilitatean, ekonomiko hartzen diren arriskuek galdua dute 2010 arte izandako nagusitasuna. Arrisku sozialek hartu zuten haien lekua zerrenda buruan 2016 arte (errenta diferentzia eta eskala handiko nahigabeko migrazioak…). Baina hara! lehendik nahiko goian baziren ere azken 2 urtean arrisku anbientalak dira goiko postuak hartu dituztenak: eguraldiari lotutako muturreko gertaerak (lehen postuan), natur hondamenak (bigarrena) eta, hauxe kolpea! klima aldaketari aurre egiteko egokitze eta arintze politiken hutsegitea (bosgarrena). Kolpea diot, ze politika horiek instituzioen esku daude, muturreko gertaerak edo hondamenak ez bezala. Eta probabilitateen 2018ko zerrendan goian ere arrisku teknologikoak: zibererasoak eta datuen iruzurra.

Inpaktuaren zerrendari begira aldaketa esanguratsuak dira, ez baita gauza bera arrisku baten probabilitatea eta horren inpaktua. Arrisku ekonomikoak, guztiz nagusi 2014 arte, desagertu egin dira aurreneko postuetatik. Eta zeintzuk ageri hor azken 2 urtean? Geopolitikoak (suntsiketa masiboko armak), anbientalak (lehen esandako denak) eta sozialak (zer eta uraren krisia!). Arriskuak kategoriatan azaldu arren argi dago elkarlotuak direla, gero eta gehiago, euren arteko kaskada efektua dutela. Halako txostenak gehiago dira arriskuen erakusleihoa atzean diren benetako kausa askotarikoen errudunena baino (Davosen biltzen dira horiek). Kontuan hartzeko, edozelan ere, txostenak.