Aitor Servier

Borroka garaiak

Iraila joan da. Ikasgelak ikaslez bete dira berriz ere. Batzuk lizeoetako geletan ezin sarturik. Besteak unibertsitatean ezin euskaraz ikasiz. Lantokietako ateak parez ireki dizkiete hilabete-saria jasotzen duten zortedun langileei.

 

Audio_placeholder

Borroka garaiak

Loading player...
Talaiatik Aitzina!
Talaiatik Aitzina!

Zortedun erran al dut ? Ez dut uste hitzik egokiena denik. Udan areagotu ziren lan-baldintza txarrak eta irailetik aitzina ere prekarietateak ez du oporrik hartzen. Lan-baldintza duinen aldeko etengabe ekinean engaiatu dira batzuk. Baina ez ezazu langileen arteko batasuna sustatu eta nazio askapena, askapen sozialarekin uztartu. Jakobino batek auzitan jarriko zaitu bestela. Epaitegiz epaitegi, helegitez helegite dabil gure instituzio berria ere. Parisek finkaturiko joko-zelaian mugitzearekin ez dugu etsiko ordea. Joko-zelai zabala du edozein errugbi partiduk ere. Baina gizon anitzetan ostatuak, karrikak eta gauak joko-zelaiak ere badira. Matxismorik bortitzena legetzat duten jokoen jendartea da hau, inondik ere.

 Zaharrak berri beraz ikasturte honetan . Zaharra ezarritako ordena da, emazteak, langileak eta estaturik gabeko nazioetako herritak zapaltzen dituena. Berria aldiz, eguneroko eraldaketa, zapalkuntza mota oro irauliko dituen gazteriaren mugarria. Borroka garaiak heldu dira. Euskal gazteriak saretu, aktibatu eta lehen lerrora ekartzeko garaiak dira. Herrigintzak elkar ezagutzeko garaiak. Pertsona eta herri gisa burujabe izateko garaiak. Borrokaz jositako ikasturte adoretsua opa dizuet.