Aldaketa
«Izugarria!» hala definitzen du Joseba Asironek duela ia lau urteko hauteskunde gau hura, elkarrizketan gogoratu du «elkarrekin geunden EH Bilduko zinegotzigai guztiak, eta Kafe Zentraletik deitzen ari ziren jendea pozez txoratzen zegoela eta bertaratzeko esanaz”. Bertara iritsi ziren unea oso ondo gogoratzen du Asironek: «Kafe Zentralera sartzea, eta hor laguna, kideak, familia-eta ikustea oso hunkigarria izan zen» dio.
EH Bildukoa ez zen izan eguneko zerrendarik bozkatuena, baina nahikoa bozka lortu zuten EHbilduk. Eta pozez hartu zuen jendeak aldaketa. «Alkatearen izena anekdotikoa da. Hemen sekulako lana egiten ari den talde bat dago, eta hori da aldaketaren tresna nagusia” dio Asironek. Aldaketa. Horixe izan da Nafarroa eta Iruñean azken legealdian izandako gobernu berrien izengoitia. «Hemen, Iruñean, beti saldu digute PSN eta UPNren arteko txandaketaren atzean kaosa besterik ez zegoela. Guk erakutsi dugu gauzak egiteko beste modu bat dagoela, modu jator bat, zintzoa» baieztatu du Iruñeko alkateak gurean. Alternantziatik alternatibarako saltoa eman zuen hiriak 2015eko hauteskundeetan alkatearen aburuz.
Kalea/Erakundeak
Asironek azaldu digunez, arlo sozialean eman ditu aurrerapausorik handienak hiriburuko udalak legealdi honetan. Alokairu sozialerako 300 etxebizitza berri eraikiko direla iragarri berri du udalak, eta 102 etxebizitza zaharberritu eta larrialdi egoeran zegoen jendearen eskuetan jarri dira urteotan. «370 pertsona bizi dira zaharberritu ditugun etxebizitza horietan. Bestela kale gorrian egongo ziren» azaldu du.
Kalearen eta erakundeen arteko harremanak berebiziko garrantzia du 24 urteko inertziak gainditu nahi dituen aldaketa politiko batentzat. «Modu natural batean jarri ditugu martxan prozesu parte hartzaileak» dio Asironek, eta hor ikusten du, hain justu, ezberdintasunik handiena aurreko gobernuekin alderatuta. «Kolektiboen eskutik lan egin izan dugu, hori da modu naturalena eta hoberena”» dio. Horri esker, iruindarrek instituzioak «gero eta gehiago hiritarren luzapen natural bat balitz bezala» ulertzen dutela uste du Joeba Asironek.
Baina euren luzapen natural bat izateko, euren hizkuntzan hitz egin behar du noski alkateak. Eta horren harira argi du: «Iruña betidanik izan da bi hizkuntza dituen hiria. Seguraski Erromatarren garaitik, Latina ekarri zutenetik. Iruñea bada bi hizkuntza dituen hiria, eta Iruñearen ondarea da euskara. Euskara eta Iruñea lotuta dauden eta beraz iruditzen zait askoz ere hobeto dagoela islatua hori alkatea euskalduna baldin bada».
Gora San Fermin!
Historialari gisa, Asironek argi du San Ferminak, beste ezeren gainetik, jai herrikoiak izan direla. Pozik da, aurreko legealdietan herrikoitasun hori lotzen saiatu diren gobernuen inertzia hautsi eta jaietan ere herritarren parte hartze zuzenagoa bultzatzeko gai izan direlako. Dena den, bada San Ferminekin lotuta, iruindar eta kanpotar askori erdi sartuta geratu zaien arantzatxo bat: Txupinazoan ikurrina jartzearena. Azaldu digu lau urtetik bitan jarri ahal zian dutela eurek ikurrina, azpimarratuz berari gustatuko litzaiokeela: «bosgarren urtean ere jartzea, pentsatzen dudalako ikurrina balkoian dagoelarik hobeto islatzen dela Iruñeak duen aniztasuna». Legearen mehatxua aipatu digu ordea, ikurrina urtero zergatik ezin izan duten jarri azaltzeko.
San Ferminei buruz ari garela, legealdi honetan gertatu da Iruñea eta Euskal Herria, eta baita estatuaren gainontzekoa ere, astindu zuen 2016ko San Ferminetako talde bortxaketa. Horren aurrean hiritarrek izandako erantzuna nabarmendu nahi izan du alkateak: «Nik uste Iruñea berdintasunaren aldeko borrokan abangoardian kokatu dela estatu mailan». Hiru arrazoigatik gertatu da hori, bere esanetan: «Hiritarrek hala nahi izan dutelako, hamarkadetan emakumeen kolektiboek lan handia egin duelako eta legealdi honetan instituzio sentikor bat egon delako». Erakunde horrek «euren ondoan jartzen» jakin duela aldarrikatu digu erakunde horretako buruak.
Hauteskundeei begira
Datorren maiatzeko hauteskundeak hitz bakar batekin deskribatu dizkigu Asironek: “ilusioa”. “Lau urte hauek gogorrak izan dira, udalaren makinaria guztia zerotik hartu behar izan dugu batere esperientziarik gabe, ikasketa gogorreko lau urte izan dira». Onartu digu baina 24 urtetan erregimenak egindakoa berrantolatzea 4 urtetan oso zaila dela: «Horregatik behar dugu beste legealdi bat, eta ni konbentzitua nago duela lau urte aldaketaren alde bozkatu zuen jendeak orain ere bozkatuko duela».
Eskerrak, eta eskari bat
Alkate izan aurretik hitz egin zuen Joseba Asironek lehen aldi Info7 Irratiko mikrofonoen aurrean: «Zuekin egin nuen lehen elkarrizketa ikasle gela batetik izan zen, oraindik irakasle nintzela, alkate izan baino lehen». Gure mikrofonoetan ari zelako edo «oso oroitzapen ona» utzi diogula aitortu digu, eta eskerrak eman dizkigu, «beti egon zaretelako guri begira eta oso ongi tratatu gaituzuelako beti». Elkarrizketa ugari egin dizikiogu Asironi etxe honetan, horietako bi berreskuratu ditugu. Lehena, Ainhoa Permach irrati honetako langile ohiak egindakoa, gure 10. urteurrenean, Ezpala elkarrizketa sortaren baitan. Berezia izan zen elkarrizketa, Permachek aspalditik ezagutzen baitzuen Asiron, lankideak izan ziren irakaskuntzan. «El alcalde PTV pero con olor a salitre».
Eta beste elkarrizketa eder bat gogoan dugu, alkate ardura alde batera utzita, historialari lanetan jarri genuen Iruñeko Kondestables jauregian, hemen Eider Olazarrek egin zion elkarrizketa ibilltaria.
Info7ren lekukoa hartuko duen irrati proiektu berriari eskaera ba egiteko galdetuta, hona eman digun erantzuna: «Nire eskaera izango litzateke gutaz ez ahazteko, etortzeko Iruñera, Iruñeko aferez-eta arduratzeko, kontatzeko orain arte egin duzuen bezala. Ez ahazteko Iruña dela Euskal Herriaren hiriburua, euskaldun guztion hiri buruzagia, batek XVIII. Mendean esan zuen moduan, eta beraz hurbiltzeko Iruñera eta gugandik gertu egoteko. Horixe eskatzen dizuedana».