Floren Aoiz

Anabasa Espainiako Erresuman, egoera bikaina independentistondako?

Askotan aipatzen du Zizekek bere liburuetan Txinan aski ezaguna omen den esaldia, Maok berak erabili zuena, zeinaren arabera anabasaren nagusitasuna aparteko aukera gisa hartzen baita: anabasa nagusi zeru azpian, aukera bikaina! Gaurko ene gogoetak espainiar estatuaren krisiari halako ikuspegirik egokitu behar ote zaion galdera jotzen du bete betean, ditudan zalantzak agerian utzi nahian.

Audio_placeholder

Anabasa Espainiako Erresuman, egoera bikaina independentistondako?

Loading player...
Floren Aoiz GAKOA
Floren Aoiz GAKOA

Nahaste borraste ederra atzematen da Espainian, aspaldiko arazoak biderkatu eta areagotu direla nabarmena delarik. Jakina da eredu politiko baten egonkortasuna gauza itsusia dela sistema hori aldatu nahi duenendako, baina alderantzizko ondorioak ez dira sobera bizkor ontzat eman behar. Sistema baten ezegonkortasuna aldaketarako oinarria da, ados, baina aldaketa horrek bide ezberdinak hartzen ahal ditu, krisia jaso duen sistemaren atzerapenarenak barne. Bestela esanik, gertatzen ahal da aldaketari esker agertoki makurragoak eraikitzea, inboluzioak ere sistemaren krisiak hartzen baititu erregai.  

Indar korrelazioaren arabera erabakitzen da norabidea halakoetan, aukerak aldez aurretik itxita ez daudelarik. Eragileek erabaki zuzen ala makurrak hartzen ahal dituzte, jendarteak era batera ala bestera erantzuten dio egoerari eta ez da ahantzi behar joku politikoan baldintza material desorekek pisu handia dutela, aukera berdintasunaren diskurtso zitalak beste zerbait sinestarazi nahi badigu ere.  

Espainiar krisiaren aurrean, esaterako, izugarrizko urratsak eman dituzte dagoeneko indar aurrerakoien joku aukerak mugatzeko. Errotiko kritika oro satanizatu dute, kartzelak berriro ere betetzen ari direlarik, oraingoan rapero eta kataluniar agintari independentistekin, besteak beste. Hagitz argigarria da, halaber, Podemos menperatzeko egin duten lana, eragile hau indar eta egitasmo eraldatzailerik gabe uzteko. Espainiar Erresumarendako arrisku handiena 15mk ordezkatzen zuen egoneza Kataluniako egitasmo soberanista eta Euskal Herriko ziklo aldaketaren uztarketa zen eta hori galaraztea izan dute helburu, horrenbestez. Orohar, lortu egin dute, eta gaur egun estatu mailako haserrea kontrolpean dute maila handian, bederen: Podemosen jendarte babesa ez da jada zeruak hartu eta 78ko erregimena deuestatzeko indarra, PP Monkloatik kanporatzeko lehentasuna duen alderdiarekiko atxekimena baizik.  

Ez dakit, beraz, baliogarria ote den anabasaren aurreko pozan gelditzea.  

Oso pozgarria da PPk Gurtel auziaren epaiaz hartu duen zartakoa. Noiz eta aurrekontuak aurrera eramateko urrats erabakiorra eman ondotik iritsi da amildegira Raxoyren alderdia. Makiabelismo patetikoaren itxura eman dute jeltzaleek, bestalde. Beren etikaren kiratsaz jabe ginen, eta orain egin dituzten kalkulu zitalen mugak agerian gelditu dira: kalkulagailuak ez ditu aukera guziak aintzat hartzen eta bizkortasun politikoa tramankulu horren menpe jartzea hautu arriskutsua izan daiteke.  

Jeltzaleen erredikuluak poza eman dit, aitortzen dut. Eta pozgarria da, halaber, espainiar eragile eta komunikabide askoren kezka eta beldurra atzematea. Espainiak indar irudia eman behar zuen Kataluniako matxinada eta Euskal Herrian irekitzen ari den garai berriaren aurrean, eta izugarrizko ahulezia erakusten du gaur egun. Baina, tamalez, oso ahul ikusten ditut krisia demokratizazioaren bidetik gainditu nahi duten indarrak, eta zartagina eskuetan anabas hau inboluzioa araegotu eta azkartzeko baliatzeko asmoa dutenak. Indar korrelazioa, Kataluniatik eta Euskal Herritik kanpo, oso desorekaturik dago.  

Orain arte esandakoari esker kontrakorik pentsa badaiteke ere, ez naiz pesimista. Ene ustetan, Espainiar Erresuman nagusitzen ari den anabasa izugarrizko berri ona da, eta aukera aparta izan daiteke, behar bezala baliatzen asmatzen baldin badugu, baina hau ez da aurretik erabakia. Asmatzea aukera bat da, ez jada ezarritako bide mugiezina.  

Espainiar krisia euskal aukera izan daiteke, gauzak ongi egiten baditugu. Bilaka dezagun, beraz, espainiar anabasa gure askapenerako aukera aparta!