Martxel Toledo

Eee!ntzun, haka bai baina goi mailan ere bai

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak Eee!ntzun kanpaina abiatu du, «kirol zelaietako harmailetan izaten diren oldarkortasun eta indarkeriazko» jarrerengatik kezkatuta.

Audio_placeholder

Eee!ntzun, haka bai baina goi mailan ere bai

Loading player...
Talaiatik Martxel Toledo
Talaiatik Martxel Toledo

Horregatik, datorren denboraldian hasita, eliteko kirolarien laguntzarekin, haka-k —dantza maoriak— egingo omen dira partiduen aurretik emoziozko egoerak sortzeko eta neska-mutilek «gozatzeko eta gozatzen uzteko», kirola haurren heziketaren atal oso garrantzitsu bat delako, eta, beraz, kirol praktikak jolastera, ongi pasatzera, ikastera eta parte hartzera bideratua izan behar duelako.

Eskola kiroleko jardueretara joaten diren gurasoek eta gainerakoek jokabide egokia eta eraikitzailea izaten dutela gehienetan dio Denis Itxasok Kultura eta Kirol diputatuak, baina oraindik ere ba omen dira, kasu batzuetan, adibidez Hernanin gertatutakoa, adingabeei eta arbitroei presioa eragin, eta haiekiko jarrera oldarkorrak izaten dituzten pertsonak. Gertaera horiek ohikoegiak dira, eta horregatik jarri dugu abian kanpaina hau dio Itxasok: parte hartzaile guztiak inplikatuz horrelako jokabideak kirol zelaietatik kanporatzeko helburuz».«Indarkeria egoeretan gehien sufritzen dutenak haurrak izaten dira, eta kirolaz gozatzeko eskubidea dute. Eee!ntzun kanpainaren bidez, balioen araberako heziketa sendotu nahi dugu, eta eskola kirolean onargarriak ez diren jokabideei aurrea hartu». Eskola kiroleko talde batzuk hasiak omen dira dagoeneko dantza prestatzen eta pixkanaka, talde guztietara zabalduko omen da ekimena.

Lehenik eta behin esan behar dut txalogarria iruditzen zaidala iniziatiba eta kanpaina honen helburua. Zoriondu baino ez ideia eta bertan parte hartu duten guztiak, nola ez ba, behin baino gehiagotan ikusi eta pairatu izan baitugu futbol zelaietan batik bat, gaztetxoen kirol lehiaketetan guraso batzuen aldetik izan duten jarrera oldarkor eta lotsagarri hori.

Baina uste dut, datorren denboraldian martxan jarriko den Eee!ntzun kanpaina, tamalez, ez dela nahikoa eta agian beste formatu batean edo, adin eta maila guztietara zabaldu beharko litzakeela horrelako iniziatibak edo ekimenak, besteak beste,  jarrera oldarkor eta biolento hori, Europako zelai askotan eta goi mailako taldeetako zaletuen artean ia aste bukaera bakoitzean ematen delako. Azkenekoa, orain bi hilabete, otsailean hain zuzen  San Mamesen inguruan  Spartak eta Athletic-eko zaletu fanatikoen artean gertatutakoa, hirian txikizio handiak egiteaz gain, heriotza ere eragin zuena.

Horregatik, iruditzen zait, kirolarekin lotuta eta batik bat futbolarekin ematen ari diren aipatu episodio larrien aurrean, soluzioa ez dela soilik adin txikietara eta hauen gurasoetara zuzendutako Eee!ntzun moduko kanpainarekin lortuko, arazoa konplexuagoa eta larriagoa delako. Gure gizartean eta eguneroko jokabidean, soilik irabazteak eta onenak izatearen baloreetan hezi gaituzte eta horri buelta emateko, marketing << mediatikotik>> harago,  guztion eskuartzea eskatzen du, gurasoen eta eskolako hezitzailetik hasita, instituzioena, klubena, federazioena, entrenatzaileena, hedabideena, abar eta abar, alegia gizarte osoarena, finean, biolentzia arazo honen sustraiak, kirol mundutik harago daudelako txertatuta.

Beraz Eee!ntzun, haka bai, baina goi mailan ere bai!

Gaia aldatuz, nire elkartasuna Altsasuko gazteei eta beraien ingurukoei. Baita etxetik urrun dauden euskal preso, errefuxiatu, erbesteratu eta beraien familiarrei ere.

Horretarako eta  gaurko izenburua erabiliaz, Audientzia Nazionalari, <<Eee!ntzun, Altsasu ez da terrorismoa!>>, etxean nahi ditugu!