Askapenako bost auziperatuak absolbitzen dituen sententziak ia ehun orri ditu, "ohikoa" Amaia Izkoren esanetan. Oraingoan ETArekin auziperatuek duten harremana "frogatzerik ez dagoela" dio sententziak. Baina hori "modu borobilean esan ordez, bueltaka eta bueltaka modu errepikakorrean" aritzen dela esan digu abokatuak. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak jar dezaketen helegiteari buruz galdetuta, uste du "zail" dutela, prozedura guztian erakutsi dituzten "froga ahulak ikusita, egingo balukete, ez litzateke hausnarketa juridikoetan izango".
"Bidegabekeri handiak ikusi ditugu Espainiako auzitegietan, elementu gutxirekin zigor gogorrak jarri izan dituzte. Orain ordea, beste modu batean interpretatu dituzte frogak eta argudioak, hori lortu dugu, eta poztekoa da."