Josu Txapartegi
Josu_txapartegi2
Legea edo hiritarra?

Gure etxean eztabaida arrunta bihurtu da.  Zertarako balio duen legeak edo asmoak idaztea, gero ez badira praktikara eramaten. Holakoetan nire jarrera da legeak idaztea, komunikatuak egitea, erresoluzioak hartzea... garrantzia handia duela bere horretan, idatzita gelditzen direlako. Baina nire iritzi hori hutsaren hurrena bilakatzen da erantzuten didatenean ezertarako ez duela balio erabakitzeak eta dokumentuak idazteak ondoren ez badira praktikara eramaten.  Zer esan jakin gabe gelditzen naiz holakoetan.

Loading player...
2017/11/13 14:42

Eztabaidak eztabaida orain dator polita nazioartean. Aipatuko ditudan bi legeak idatzita gelditu ziren bere garaian eta orain, Belgikako legelariek, abokatuek eta epaileek elkarrekin konfrontatu beharko dituzte -kataluniaren auzian- ikusteko nork duen arrazoia.

Alde batean Nazioarteko erabakiak daude. ONU edo Nazio Batuetako erresoluzioak.

Espainiako Konstituzioa dago beste aldean.

Nazioarteko legediak herri guztientzat libre bizitzeko eta etorkizuna askatasunez  erabakitzeko eskubidea jasotzen du.

Konstituzio espaniarrak eskubide hori nazio espainolarentzat bakarrik jasotzen du: espainiarrentzat soilik. Ez Kataluniarentzat edo Euskal Herriarentzat.  Txokea dago, beraz, talka Nazio Batuak eta Konstituzio Espaniarraren artean.  Nazio Batuetako legeak, “herri guztiek dutela autodeterminatzeko eskubidea” esaten du.

Konstituzio Espainiarrak, aldiz, soberania bakarra Espainia osoa eta zatiezinarena dela dio. Ez dagoela euskaldunen edo katalanen burujabetasunerako eskubiderik Konstituzio horretan.

Orain, Puigdemonten jokaldiari esker Europak zerbait ebatzi beharko du afera honetaz.

Hor ikusten ditut abokatu eta epaile belgak behin eta berriz lege eta artikulo horiek errepasatuz. Arrazoia nori aitortu bueltaka eta jiraka.  Katalanen independentziarako eskubidea defendatuko duten abokatuek helduleku ona dute Hagako Nazioarteko Epaitegiak Kosovoren auzian eman zuen sententziarekin. Honela dio: diktadura batean ez bezala legeak ez du hiritarren borondatea behartu behar, alderantziz,  hiritarren borondateak sortu eta garatu behar du eguneroko bizimodua antolatzen duen legedia.

Berriz irakurtzea komeni da, duela zazpi urte emandako Nazioarteko ebazpen hau: diktadura batean ez bezala legeak ez du hiritarren borondatea behartu behar, alderantziz,  hiritarren borondateak sortu eta garatu behar du eguneroko bizimodua antolatzen duen legedia. Alegia hiritarrok gaudela legearen gainetik eta ez alderantziz.

Espainiaren aldeko abokatu eta epaileek erantzungo dute espainiar guztien ahalmena dela tribunal horrek dioena, ez lurralde zati batena.

Orduan Kataluniaren aldekoek Katalunia aspaldiko nazioa dela erantzungo dute, nazio errotua, kultura propioa eta ahalmen ekonomiko indartsua duena, espainiarra sentitzen ez den sujeto nazional garbi bat eta, beraz, autodeterminatzeko eskubidea tokatzen zaiola hamarretik zortzi katalanek eskatzen duten bezala.

Hor amaitzen da eztabaida. Batzuk onartuko dute Katalunia sujeto berezi bat dela eta besteak ukatu egingo dute hori, Katalunia Espainiatik banatu ezina dela esanaz. Gauza bat dago garbi: berriro ere, Nazioartean eztabaidatuko da herri txiki eta ertainek burujabetasunean bizitzeko dugun eskubidea. Ez da gutxi. Oraingoan Kataluniari esker.

Amaitu baino lehen utzidazue gauza bitxi bat kontatzen. 1977an Espainiako Juan Karlos errege ohiak, Marzelino Oreja ministroak eta Arias Salgado Estatu idazkariak badakizue Boletin ofizialean zer firmatu zuten?

Ba, aipatu dudan Nazio Batuen erresoluzioa, autodeterminazioaren aldeko ebazpena. Posible da hori? Ba bai. Boletin ofizialean hirurak firmatu zuten: todos los pueblos tienen el derecho de libre determinación, zioen erresoluzioa. Aurkitu nahi duenak interneteri esker erraza dauka, 1977ko apirilaren 30eko Boletin Ofizialean aurkituko du. Begiak zabal zabalik eta sinestu ezinik gelditu naiz irakurri dudanean.

Agian arrazoi dute idaztea eta firmatzea ez dela nahiko defendatzen dutenak.

Ongi izan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK