Hasi da Info7 irratian denboraldi berria

Ikasturte berriari hasiera eman dio Info7 irratiak, oraindik programazio osoa martxan ez badago ere, uhinetan daude jada programa nagusiak, berrikuntza ugarirekin gainera.

KALEGORRIAN

Jon Mikel Fernandez Elorz eta Eider Olazar Elduaien kazetarien eskutik, aurten denboraldi berri bati ekin dio Kalegorrian magazinak Info7 irratiko uhinetan.

Aurten gainera, berrikuntza frankorekin, besteak beste, bueltan da Martin Garitano eta bueltan ere  “Café y Periódicos” tartea. Lau urtez Gipuzkoako Ahaldun Nagusi  izan eta gero, bere jatorrira bueltatu da Garitano, eta berreskuratu egin du “Café y Periódicos” tartea, astelehenetik ostiralarera 07:40-08:00tara estatuko prentsa idatziaren errepasoa egingo du.

Kalegorrian magazinean ere izango dira beste berrikuntza batzuk, “El Chiringuito Canalla” tartea Igor Meltxor kazetariaren eskutik. “Gestion a la  Vasca” , “Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?”  Edo “Historia del abertzalismo Virtual” liburuen egilea da besteak beste Igor Meltxor Pascual. Astero auzi bat ekarriko du gurera.

“Zientzia eta Kritika” uztartuko ditugu Unai Pascual ikerlariarekin, Basque Centre For Climate Chance -eko kidea da eta ongizatea, ekologia eta ekonomiaren arteko harremanak ikertzen ditu Pascualek.

Aurten, nazioarteko analisiak tarte handiagoa izango du , kolaboratzaile talde zagala bilduko da kalegorrianen: Ingo Niebel, Karlos Zurutuza, Karlos Aznarez, Arture Puente, Bruno Carvalho, Raul Civechi, Ibari Arbide, Asier Blas...horretaz gain, Eguzki Urteagak eta Alberto Pradilarren “Beti izango dugu Paris” eta “España y más alla” tarteak mantenduko dira.

Sukalde kontuak ere ekarriko ditugu  eta errezeta goxoak bildu, etxeko errezeta tradizionalak, jatetxekoak, edo  espetxean egin direnak.  Berrikuntza bezala ere Kultur Proposamenak, horretan arituko dira txandaka Danele Sarriugarte (literatura) Oiert Etxeberria (Artea) edota Maialen Goñi (Zinea), besteak beste.

Aurtengo Kalegorrian ere mantenduko ditugu, elkarrizketa politikoa, tertuliak, Astorroxa, Euskal Kantugintza, Bertatik Bertara, Atzo Bertan, Gure Galbaetik, Asteko Argazkiak edota elkarrizketa akustikoak musikariekin.



Albistegi Zerbitzuak

Ohiko albistegi zerbitzuak mantenduko ditugu Info7 irratian, Oinatz Aizpuru, Amaia Zurutuza eta Oihan Larrañaga arituko dira horretan. Kalegorrianeko lehendabiziko albistegia 07:30tan izango da,    aktualitatearen errepasoa egingo da bertan izenburuetan. Euskarazko albistegia nagusiak berriz, 09:00tan eta 13:30ean izango dira, eta gauean aldiz, Gakoa 20:00etan. Era berean, azken ordukoen errepasoa egingo da boletinetan, goizeko 09:00tatik gaueko 21:00tara.



Urteurrena

Aurten Info7 irratiak 10 urte bete dituela eta, ospakizunetan jarraituko dugu “Entzutekoa da kontatzeko gaude” lelopean. Kalegorrian Ibiltariekin kalera atera ginen pasa den ikasturtean entzule eta kolaboratzaileei eskerrak ematera, eta hala egiten jarraituko dugu.  Urteurreneko kantua ere egin dugu Miren Amuritza bertsolaria eta La Jodedera taldearen eskutik eta ziur gogoan izango dituzuela  Ezpalak elkarrizketak.  Gure mikrofonoetatik pasa dira Arantza Arruti, Joseba Asiron, Jose Angel Iribar, Paco Etxeberria….abendurarte Ezpalak elkarrizketekin jarraituko dugu, Arantza Santesteban, Kepa Matxain, Ion Telleria, Andoni Morau, Agin Laburu, Amparo Las Heras, Martxelo Alvarez eta Ekhiñe Atorrasagasti izanen dira elkarrizketatzaileak; elkarrizketatuak zeintzuk izango diren ez dizuegu aurreratuko, noski! 10. urteurrenaren ospakizunaren ginda musika jaialdi bat izango da, laster izango duzue xehetasun gehiago.




Saio bereziak
Aurreko denboraldietan egin bezala aurten ere hainbat saio berezi aurreikusten ditugu irratian. Besteak beste, bertso txapelketen jarraipena egingo dugu, Durangoko Azokan izanen gara, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, eta hauteskunde kanpaina eta hauteskunde gaua gurekin jarraitzeko aukera izango duzue.

Hauteskundeak Info7 irratian: JARRAIPEN BEREZIA

Araba,  Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeen jarraipen zabala egingo da irratian. Egunero elkarrizketatuko da hautagai bat, Kalegorrianeko elkarrizketa politikoan [08:05-08:30] Eguneroko tertulian ere egingo da hauteskunden kanpainaren analisia, Eguerdiko Albistegi Nagusian eta GAKOA saioan alderdi politikoen ekitaldien errepasoa egingo da.

Berrikuntza bezala aurten hauteskundeen inguruko saio berezi bat jarriko dugu martxan iluntzeko 20:30ean. Maite Bidarte Sota kazetariak gidatuta, Anartz Bilbao eta Erik Aznal izango ditu bidelagun. Alderdi Politikoei hitza emateaz gain, kale inkestekin herritarren iritziaren berri emango da, eta ez ohikoak diren gaiak ekarriko dituzte Aznal eta Bilbao kazetariek.



Ohiturak jarraituz, hauteskunde gau berezia egingo da Info7 irratian datorren irailaren 25ean. Emaitzen berri emateaz gain, analisi eta elkarrizketa gaua izango da. Sare sozialen bidez ere egingo dugu jarraipena.