Altxor asko gordetzen ditu itsasoak, asko gure historiaren lekukoak direnak. Altxor horiek argitara ekarri eta gure herriaren itsas historia gertuagatik ezagutzeko lanean ari da Albaola Itsas Kultur Faktoria. Lan horretan beste urrats bat eman dute eta berriki Ipar Ameriketako Maine-ko kostaldean izan dira balizko euskal arrantzaleen aztarnen bila. Zundaketa arkeologikoa egin dute abuztuan eta hipotesia baieztatuko balitz frogatuta geratuko litzateke Kanadan bakarrik ez Ipar Ameriketan ere arrantzatzen zutela euskal arrantzaleek XVI. mendean, alegia, euskal arrantzaleen jarduna eremu zabalago batera zabalduko litzatekeela. Xabier Agote Albaolako presidenteak eman dizkigu xehetasunak.