Amagoia Mujika Telleria

Joanes Illaregirentzat Lesakako saioa eta finalerako txartela

Zehaztu da zerrenda. Honako zortzikoteak kantatuko du martxoaren 23an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, Nafarroako Bertsolari finalean: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabier Maia

Xabat eta Joanes Illarregi. Jagoba Manterola | FOKU
Xabat eta Joanes Illarregi. Jagoba Manterola | FOKU

Joanes Illarregi nagusitu da Lesakan gaur arratsaldez jokatu den azken finalaurrekoan. Leitzarrak 375,5 puntu batu ditu eta Iruñeko finalerako zuzeneko txartela lortu du horrela. Bere atzetik, sailkapenean, Eneko Fernandez (359), Xabat Illarregi (356,5), Saioa Alkaiza (344,5), Josu Sanjurjo (341) eta Alazne Untxalo (335,5).

Gauzak horrela, azken finalaurrekoak argitu du martxoaren 23ko finalean izango den zortzikotea: Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabat Illarregi, Julen Zelaieta eta Xabier Maia.

Finalak izango duen berezitasuna, Joanesek azken agurrean kantatu duenez, «Anaitasunan eta anaiarekin». Leitzako Illarregi anaiak arituko dira lehen aldiz finalean. Joanesek 19 urte ditu eta Xabatek, 17. Zalantzarik gabe, kolore propioa emango diote martxoaren 23ko hitzordu handiari.

Gainontzean, Lesakako Harriondoa Kultur etxean jokatu den saioan 270 lagun batu dira eta saioa oso bero joan da, bai oholtza azpian eta baita goiko aldean ere. Azken finalaurrekoa izanik, bazuen xarma berezia eta sumatu da entzuleen eta bertsolarien artean. Esanda bezala, finala martxoaren 23an izango da Iruñean, Anaitasunan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.