#Info7AgurBira Graxi Etxebehere «Bada leku bat gutako bakoitzarentzat»

Agur Biraren baitan gaur Ortzaizen izan gara, Nafarroa Beheran, gure herriko bakegintzan mugarri eta sinbolo bihurtu den emakume bat bisitatzen. Ortzaizeko zubian zuriz jantzita, zapi gorria lepoan eta besoa goratuta, gogoratuko dute askok Grazi Etxebehere.

Audio_placeholder

#Info7AgurBira Graxi Etxebehere «Bada leku bat gutako bakoitzarentzat»

Loading player...

2015eko uztailaren 9ra jo behar dugu, horretarako. “Desarmatu nahi duen talde bat lagundu dut, eta ez dut damurik. Militante bakoitzak hartu beharko luke bere konpromisoa”, izan ziren bere hitzak. San Ferminak ziren, eta Iruñetik etxera berehala jo zuen Etxebeherek jakin zuenean auzokide dituen Terexa Lekunberri eta Jef Mateo atxilotu zituztela bere etxean gordeta zituen Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea haien etxean edukitzeagatik. Auzokideak askatzea zuen lehen gauza buruan. Oso indartsu sentitu zela egun horretan oroitzen du.

Astelehenean abiatuko da, hain zuzen, Etxebehere eta beste lau kideen aurkako epaiketa Parisen. Lasai doala esan digu Graxik, gauzak ongi egin dituzten konbentzimenduz “ ez dut zigorrean pentsatzen baina Parisekin ez dakizu segula” gaineratzen du. Oso argi du gauzak ez direla zerutik etorriko, gutako bakoitzaren esku dagoela herri hau beste norabide batean jartzea, “etxean geratzeko aitzakia asko dago, baina badira mugitzeko aitzakiak ere” dio, eta nabarmetzen du: “ bada leku bat gutako bakoitzarentzat”.

Ezin San Ferminak aipatu gabe utzi Etxebehererekin, “gu nafartarrak sentitzen gara, eta beraz, lotura berezia dugu San Fermin jaiekin”. Soziologikoki biziki interesgarriak direla ere badio; zahar, gazte, elbarri...denek dutelako lekua kalean.

Eritzaintza lana atzean utzi eta jubilatuta, zahartzaroaz duen ikuspegia ere oso interesgarria da. Bizitzako momentu beteenean dagoela esan digu, “berdin dio moda, kiloak, bestearen begirada; askeago sentitzen naiz”.

Eta irrati berriari zer eskatzen dion galdetuta, ez du zalantzarik: “orain arteko bizitasuna, gogoetetan jendea urrunago eramatea, eta ez ahaztea Iparraldea”.