Endika Alabort

Jaiegunetan jai, eta kitto!

Sindikatu gehienek merkataritza sektorea igande eta jaiegunetan itxi behar duela defendatzen dute, CNTk ere. Honi buruzko hausnarketa bat egitea gustatuko litzaidake.

Audio_placeholder

Jaiegunetan jai, eta kitto!

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

Merkataritza ordutegien malgutasuna aldarrikatzen dutenek, kontsumitzailearen eskubidea argudio moduan erabiltzen dute. Honen aurrean, langileen eskubideek ez dute ezer balio. Baina ikerketek kontrakoa diote, igandetan irekitzeak ez du kontsumoa handitzen, kontsumo hori astean zehar birbanatzen du.

Bestetik, merkataritza txiki eta handiak elkar kontra egiten dute; enpresa handiek kostuak ordaintzeko baliabideak dituzte; txikiek, aldiz, hauei aurre egiteko langileen esplotazioa areagotu beharko dute, hori baita euren baliabide bakarra. Noski, bi hauen artean, txikiak galtzaileak izango dira. Jose Allende ekonomialariak dio, merkataritza eremu handiek sortzen duten lanpostu bakoitzagatik, bi deusezten dutela.

Gainera, sindikalismoan gabiltzanok ezagutzen dugu kasu ugari zeinetan jaiegunetan lan egitea, langileentzat, teorian, aukera bat den; baina errealitatean, ez onartzekotan, lan jazarpena eta kaleratzeak jasotzen dituztela.

Baina sindikatu bat egoera hauen erantzulea denean amorru handia eragiten du. Hori da Bilbon gertatu dena, eta tarte honetan salatu nahi dudana. Badago jaiegunetan merkataritza ez zabaltzeko plataforma bat. Horren partaide den sindikatu batek jaiegunetan zabaltzearen alde sinatu du. Sindikatu hori UGT da. Enpresan bizi den lan jazarpena ezagutzen du (langileak igandetan lan ez egiteagatik kaleratuak izan dira). Hala ere enpresa interesen alde lerrokatu da... publikoki kontrakoa defendatzen duen bitartean. Zabaltzearen aurkako hamaika arrazoi mahaiaren gainean jarri dira, baina UGTk enpresaren txakur leialaren papera jokatu du.

Salatu behar den gertaera bat da. Langileen eskubideen aurka egiten denean, CNTk egoera ozenki salatuko du, are gehiago erantzulea sindikatu bat denean. Klase borrokan aldea erabaki behar da; guk badakigu zein den geurea.