Irati Gonzalez Larena

Big Mac-ak, manspredinga eta ibuprofenoa. Parte hartzetik, parte izatera

“Behar zaituztegu. Zuek gabe ez dago festarik. Neska bat behar da, gutxienez, ze bestela bi bizardun bakarrik, agertoki handi horretan... oso kaxkar geratuko da... Mutil-dantza? Ez, hori ez. Kupoak bai, baina tradizioa zaintzen, nexkak!” Diosku orain australopitekusak txapela zuzen jartzen duen bitartean bekaiztuta. Eta jai ereduen inguruko hainbat elkarrizketekin lagun diezaiokegu honi:

Audio_placeholder

Big Mac-ak, manspredinga eta ibuprofenoa. Parte hartzetik, parte izatera

Loading player...
talaiatik irati gonzalez
talaiatik irati gonzalez

“Sukalde honi errendimendu handiagoa ateratzerik bada. Hanburgesa, saltxitxak eta ondoan eurokaña! Hau saldutakoan, barraren bestaldean gertatzen dena ya ez dagokigu guri... gu hemen dirua ateratzeko eta gure diskurtsoa kaleratzeko gaude. Beno, a ver, zeozer larria gertatzen bada, orduan bai... egingo dugu zerbait: kontzentra bat, hostia batzuk edo egoerak eskatzen duena. Gero, amaitu bitartean behintzat, festak jarrai dezala eta datorren urtera arte!”

“Txosnak hemen, umeentzako jolasak goizez, kalimotxo usainik ez dagoenean, eta bazter horretan. Zu arduratuko zara programazioaz, Alaitz? Gero Kepak egingo du kartela...”

“Jendea drogatzen, gure txosnako barran? Ta? Hemen egiten ez badute, beste nonbaiten egingo dute berdin-berdin...”

“Ama, kamiseta hori gaurko eskatu nizun garbi... orain, zerekin joan behar dut nik bazkarira? Jope ama, ba juxtu, presoen aldeko egunera joateko nahi nuen”

“Bada al da pertsona migranteen kolektiboren bat? Ba e-mail bat bidaliko diegu bazkarira gonbidatuz eta listo, ezta? Zu arduratuko zara programazioa sartzeaz? Ta peñazo bat da baina norbaitek egin beharko du itzulpena...”

Mugimendu feminista, mugimendu feminista, eraso bat egon da. Zerbait egingo duzue??? Protokoloa aktibatzen da? Baduzue honen inguruko irakurketarik? Presa dauka, ze prentsa etorriko da Jai Batzordearekin hitz egitera eta guk ez dakigu zer esan... osea, esan nahi nuen zuena dela hitza eta guk nahiago dugula espazio hau zuei eskaintzea, ulertzen?

Eta abar luze batekin osa dezakegu festen inguruko erabakien zerrenda. Baina, erabakiok, nork, nola, norentzat eta batez ere, nondik hartzen dira? Zein ikuspegitik alegia? Non, nola, norentzat eta nondik pentsatzen dira jaiak? Festak, sistema heteropatriarkal kapitalista zapaltzaile honetan bizi garela apur bat ahazteko omen dira, baina nahi gabe, honen adierazle txikiak direla onartu beharra dago, maizegi. Kontsumo basatiari, gaueko giroari eta abarri oso lotuak eta batzuontzako behintzat, ez horren erosoak, ez horren seguruak. Denok, den-den denok, birproduzitzen dugu hein batean, momentu askotan, nahi ala ez, sistema hau, gune aske deitzen diegun horietan ere. Baina, denona, baina, den-den denona da hori aldatzearen ardura. Borondatea bada, gogoa bada, indarra bada, gaitasuna bada. Pentsatuko dugu denon artean, eredu parte hartzaileago bat? Pentsa dezagun gaurdanik geroa. Festa dezagun gaurdanik geroa!