Koldo Garcia

Informazio genetikoa enkantean

Azken asteotan genetikarekin lotutako berri kezkagarri batzuk izan ditugu. Berri hauek pribatutasunaz eta gure informazio genetikoaren kudeaketaz hausnartzeko aukera ematen dute.

Audio_placeholder

Informazio genetikoa enkantean

Loading player...
Talaiatik Koldo Garcia
Talaiatik Koldo Garcia

Berri horietako bat, DNAren bidez, norberaren jatorria aztertzeko zerbitzu baten webgunaren hackeatzea izan da. Arduradunen esanetan, dituzten segurtasun neurriak direla eta, ez da ezer larririk gertatu eta informazio genetikoa gordetzen duten datubasea ez da erasotua izan. Hala ere, berri onek argi uzten digu datu genetikoen salerosketak gero eta interes handiagoa duela, halako zerbitzuen ospea handitzen den heinean.

Beste berri bat Alemaniako eskualde batean, DNAtik abiatuatuta, susmagarrien profila egitea baimendu dela da. Krimen bat gertatu den lekutik lortutako DNAn oinarrituta balizko susmagarriaren ile-kolorea, begi-kolorea, adina eta jatorri biogeografikoa ezartzeko gaitasuna eman zaio poliziari Bavariako estatuan. Honek izan ditzakeen erabilera gaiztoak argiak dira eta halako ezaugarriak DNAtik ondorioztatzea arrisku-salto bat egitea bezalakoa da. Arrazoia argia da: horietako ezaugarri batzuen eta informazio genetikoaren arteko harremana ez da guztiz zuzena, probabilitate eta maiztasun kontu bat baizik. Harreman likido horietan oinarrituta susmagarria nor den ezartzea ez dirudi ideia ona denik.

Azkenik, gero eta kezka handiagoa dago hasieran aipatutako jatorria aztertzeko DNA zerbitzu horiek ez ote diren susmagarriak bilatzeko datubase erraldoi bat bilakatuko. Segurtasunaren izenean legedia alda badaiteke, Bavarian bezala susmagarrien ezaugarriak DNAtik ateratzeko, zergatik ez zerbitzu hauen datuak poliziaren esku uzteko? Gai benetan korapilatua eta arriskutsua.

Horregatik hain garrantzitsuak dira hau bezalako Talaiatik: zientzia denon eskura jartzeko eta jendarte jantziago bat izateko. Uztailaren 9an eta 10an Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen udako ikastaroen baitan, dibulgazio-tailerra antolatu dugu Eibarren. Ea horrela beste pertsona batzuk dibulgatzera animatzen zareten eta udaren ostean, denboraldi berrian, Talaiatikide berriak ditugun zientzaren ertz ezberdinak azaltzen. Ondo pasa uda!