Ana Galarraga

Lau emakumek eta hiru gizonek jasoko dituzte Kavli sariak

Iragarri dituzte Kavli sarien irabazleak. Hiru arlotako ikerketak aitortzen dira sari horien bidez: Astrofisika, Neurozientzia eta Nanozientzia. Guztira, zazpi saritu dira aurten, eta haietako lau emakumeak dira.

Audio_placeholder

Lau emakumek eta hiru gizonek jasoko dituzte Kavli sariak

Loading player...
Talaiatik Ana Galarraga
Talaiatik Ana Galarraga

Astrofisikako Kavli saria jasoko duena da bat: Ewine van Dishoeck. Astrokimikan egindako ekarpenagatik saritu dute, bereziki, izarrarteko hodeien zikloa eta izar eta planeten sorrera argitzeko egindako lanarengatik.

Neurozientzia saria, berriz, bi gizonek eta emakume batek jasoko dute: James Hudspethek, Robert Fettiplacek eta Christine Petitek, belarriko zelulek soinua nola jasotzen duten eta seinale elektriko nola bihurtzen duten azaltzeagatik. Hain zuzen, Pettitek zelula horien oinarri genetikoak argitu ditu.

Azkenik, genoma editatzeko CRISPR-Cas 9 metodoa asmatu dutenek jasoko dute Nanozientzia saria: Emmanuelle Charpentierrek, Jennifer A. Doudnak eta Virginijus Šikšnysek. Kavli Fundazioak sarituen berri emateko oharrean bertan zehaztu du Šikšnysek bere kasa garatu zuela metodoa, beste bien ikerketa kontuan hartu gabe.

Kavli sariak Fred Kavli filantropoaren izena dute, eta Kavli Fundazioak, Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak eta herrialde bereko Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak ematen dituzte, bi urtez behin. Zientziaren aurrerapena bultzatzea da sariketaren helburua, eta irailean izango da sariak banatzeko ekitaldia.