Endika Alabort

Langabezia tasa ez da adierazle on bat

Gobernuak pozik daude, langabezia tasa gero eta murritzago baita. EAEn %11,3an kokatu da, 2012ko mailan; Nafarroa 2009ko kopuru berdinetan dago. Langileen egoera zein den aztertzeko langabezia tasa erabili ohi da; dirudienez gero eta hobeto gaude. Baina hau egia al da?

Audio_placeholder

Langabezia tasa ez da adierazle on bat

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

Neurtzeko erreminta guztiekin gertatzen den bezala, tresna bat da. Garai batean erabilgarria zen: hasteko, lana ez zen hain prekarioa; jarraitzeko, enplegatua zeunden ala langabezian, ez zegoen beste aukerarik. Enpleguak, sarritan kalitatezkoak ziren; eta langabeek, ez zuten lanik aurkitzen, askok epe luzekoak bilakatzen. Testuinguru dikotomiko horretan, egoera zein zen aztertzeko, erreminta hau baliagarria zen.

Baina Errezesio Handiak Euskal Herri penintsularreko lan merkatuetan hainbat eraldaketa eragin zituen. Egoera eta eraldaketa hau aztertzeko 2018 eta 2007ko datuak alderatuko ditut. Lehenengo datu txarra: ia 96.000 pertsona okupatu gutxiago daude. Honek zer esan nahi du? Pertsona kopuru handi batek lana bilatzeari utzi diola, baita enplegu gutxiago dagoela. Horrela, zeharkako era batean langabezi tasa murrizten dute, egoera edertuz. Berez, handiagoa izan beharko litzateke.

Bigarrenez, jardunaldi osoko enpleguak hartzen baditugu, 100.000 enplegu gutxiago daude. Hazkunde ekonomiko garaia hasi denean ez dira mota honetako enpleguak sortu, hain zuzen ere. Kontutan izan behar dugu gaur egun 1.000.000 langile enplegatu garela, hau da, enpleguen %10 desagertu dela. Jardunaldi partzialeko enpleguak, aldiz, 6.700 gehiago dira, baina azken bi urte hauetan kopuru hau ez da handitu. Honen atzean arrazoi argi bat dago: behin behinekoak dira ia gehienak, eta kontratu berriek deuseztatu direnak ordezten dituzte.

Bukatzeko, behin behinekotasuna %90ean jarraitzen du. Lan erreformen eragina kontutan izan behar da: nahiz eta lan kontratu mugagabe bat izan, kaleratzea oso malgua eta merkea da. Faktore guzti hauek langabezia tasari indarra kentzen diote, batez ere beren murrizketa ospatzen denean. Enpleguaren aldetik, ez da pozik izateko momentua, nahiz eta enplegu sailburuek iribarre batekin langabezia pixka bat murriztu dela esan. Langabezia tasa erabiltzen dute tresna egokia ez dela jakinda, euren propagandarentzako onuragarria baita.