Era berean, Donostian gentrifikazioa tokiko nortasun-elementuak irensten ari da, australiar turista batek pintxoak bosnaka jaten dituen abiada bertsuan. Eta geure kultur estereotipoak sinistu ezeze, gainditu egiten ditugu, modernizazioaren izenean. Konplexuz betetako hiri kosmopolitan.
Izurriak, baina, gastronomia edota turismoa gainditu ditu. Donostiako Musika Eskolan... barka, Donostiako Dantza eta Musika Eskolan dantza-irakasle izateko deialdia da horren adierazle bat. Nafarroako Euskara Legearen oinarrian dagoen hizkuntza-zonifikazioaren mailako banaketan, dantza irakasle gisa aritzeko irakaslearen profilean bateratu dituzte dantza garaikidea, ballet klasikoa eta delako euskal dantza. Eskaera-merkatuak agindutako profila omen da.
Paperak eta teoriak guztia onartzen duten neurrian, baleko planteamendua da... Errealitatea bestelakoa da, ordea. Izan ere, dantza garaikidea, likidotasunaren ikurra, dantzaren munduko ingeles hizkuntza, New Yorken, Buenos Airesen edota Tokyon ikas liteke. Ballet klasikoa, estandar akademiko gailenak dituen diziplina, dantzaren munduko frantsesa, mundu osoan irakasten dute, eta milioika Pas de Basque eta Saut de Basque egiten dira egunero munduan zehar.
Logika horren arabera, teorian eta paperaren gainean beti ere, euskal dantzak mundu osoan ikasteko aukera anitzen aurrean geundeke. Ez genuke kezkatzeko motiborik izango Donostialdean dantzako irakaskuntzara dedikatzen den erakunde publiko nagusiak tokiko dantzak irakasteko diskriminazio positiborik ez egiteagatik. Ezta, Back to Future filmearen moduan, Donostiako Dantza eta Musika Eskolatik gertu dagoen Iztuetari eskainitako eskultura desagertzen hasita balego ere.
Iya guriak egin du, baina ez dago kuidadorik, Bilintx. Heldu den ikastaroan Katmanduko euskal dantzen eskolan matrikulatuko naiz.