Unai Apaolaza

Estatus berria, edukiontziak eta herri mugimenduak

Bizi dugun jendartea likidoa dela diogu, ez duela forma konkreturik. Jendea, aurreikus ezin daitezkeen espazioetatik dabilela eta zaharkitu zaizkigun kategoriek ezin dutela atzeman, ezin dutela kontrolatu uste dugu. Klasifikazio eta fidelitate zaharretatik askaturik  libre omen dabil jendea, libre nahi duen lekura nahi duenean joateko. Fideltasun politikoa XX. mendeko kontua omen da.

Audio_placeholder

Estatus berria, edukiontziak eta herri mugimenduak

Loading player...
Unai Apaolaza filosofia irakaslea
Unai Apaolaza filosofia irakaslea

Neoliberalismoak indartzen duen askatasunaren ideia hori, askotan, ontzat ematen dute ezkerreko mugimenduek beraien ezintasuna justifikatzeko: “gu saiatzen gara baina jendeak ez du printzipiorik, bost axola dio denak” diote mugimendu hauek.  Hala ere, gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenek jendarte likido horri, ubideak eta edukiontziak jartzen primeran asmatzen dute. Ederki dakite fidelitate pasiboak sortzen. Mugimendu eraldatzaileen arazoa ez da jendartearen likidotasuna, ubideak eta edukiontziak eraikitzeko duten ezintasuna baizik.

Panorama politikoa, jende emaria eusten duten edukiontziz beteta dago. Edukiontzi hauek politikaren mugak marrazten dituzte. Legeak noraino uzten duen, noraino iritsi gaitezkeen eta azken finean, noraino imajinatu dezakegun esaten digute. Horren adibide agerienetakoa dugu konstituzio espainiarra. Baina adibide horretaz gain mugak non dauden adierazten diguten edukiontziz betetako mundua da gurea. “Emakume” kategoriak mugatzen duen edukiontzitik hasi, autonomia estatutuak marrazten duenarekin jarraitu eta “etorkin” kategoriarekin bukatu, jendartea ezarrita datozkigun moldeetara egokitzen da. Muga horiek modu naturalean onartuz imajinatzen ditugu gure bizitza eta gure aukerak mundu honetan.

XX. mendean zehar munduko mugimendu askatzaileek jendea erakartzeko eta kontzientziatzeko erabilitako kategoriek sinesgarritasuna galdu zuten. Kategoria horiek, edukiontzi zaharkituak bilakatu, saretu eta eusten zuten jendea isurtzen hasi ziren. Ezkerra orduan konturatu zen jendartea “likidoa” zela; pertsonek borondatea aldatu zezaketela alegia. Jendartearen likidotasuna beraz, ez da jainko posmoderno baten apeta, ezkerraren zati batek, borondateak eusteko zuen zailtasunari eman zion azalpena baizik. Esan bezala, gabezi horri, edukiontzi berriak eraikiz erantzun beharrean, ezkerraren parte batek, edukiontzi zaharretan gotortuz erantzun zion. Beste parte batek berriz, statu quo-aren edukiontzietan  gauzak aldatzen saiatzera mugatuz. Bi bideak politikaren mugak zabaltzeko balio ez dutenez gauzen egora aldatu nahi dutenentzat ez dira eraginkorrak.

Baina batzuetan, mugimendu herritarrek, ikusezinak diruditen eta jendartearen gehiengoak naturaltzat dituen edukiontzi horiek agerian jarri eta “likidoa” den jendarte horri edukiontzi berriak eta erakargarriak eskaintzen dizkiote. Izate politikoaren mugak zabaltzen dituzte. Imajinazio politikoa armatzat hartuta beira puztailearena eginez politikaren muga berriak marrazten dituzte. Honela sortu dira historian zehar posibilitate askatzaileak. Horregatik da inportantea ezarrita datozkigun edukiontzi horietatik kanpo eta edukiontzi horien mugak onartu gabe egiten den politika. Katalunian, adibidez, statu quo-aren edukiontzietatik aparte herri mugimenduek egin duten lanari esker, independentismoak asmatu du edukiontzi berriak sortzen. Politikaren posibilitateak zabaldu eta independentziarekiko fideltasun berriak sortu ditu.

Euskal Herrian urteetan izan dugun mugimendu herritar aberatsari esker posiblearen mugak zabaldu egin ditugu; jendearentzat askapenerako bidean eragiteko edukiontziak sortu eta bete ditugu. Azken aldian, jada zaharkitu zaizkigun edukiontzietatik aparte,  posiblearen muga egunetik egunera zabaltzen ari diren mugimendu berriak azaldu dira Euskal Herrian. Adibide nagusienen artean ditugu mugimendu feministarena, erabakitzeko eskubidearena eta pentsiodunena. Ez dira bakarrak, badira beste asko.

Herri mugimenduek askapen prozesuetan duten protagonismoa azpimarratu eta gero,  kezkagarria iruditzen zait, independentismoaren zati bat, mugimendu hauen garrantziaz ez jabetzea. Egiten diren irakurketetan, herri mugimenduen egiteko nagusia, datozen urte eta hilabeteetan estatus politikoen eguneratze prozesuetan eskari konkretuak egitea dela entzun dut behin baino gehiagotan. Herri mugimenduak estatus berriaren edukiontzira mugatu behar direla alegia. Eta nola ez Podemosetan pentsatu; 15M mugimenduari ahotsa ematera etorri eta ahots hori erakundeetan ito zuen alderdia. Kontuz, estatus berria, aukera beharrean kaiola bilakatu baitaiteke independentismoarentzat.

Alderdi independentistek erakundeetan aritu behar dute, dudarik ez, baina ez erakundeen edukiontziaren mugak onartu eta herri mugimenduei onartu arazteko. Jendartearen erradikalizazioan laguntzeko egon behar dute bertan. Baldintzak sortzeko egon behar dute bertan, ez baldintzak indargabetzeko. Herri mugimenduek berriz, erakundeetako logiketatik aparte agenda eta erritmo propioak eduki behar dituzte. Erakundeek irentsi ezin dituzten espazio politikoak sortu behar dituzte jendartean. Horrela soilik baldintzatuko baitituzte erakundeak. Herri mugimenduen eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da baina gauzen egoera aldatu nahi dutenek erakundeak mugimendu herritarrari subordinatuta ulertu behar dituzte.  Gaur gaurkoz hori ez dela gertatzen uste dut. 

Mugimendu herritarren egiteko nagusia erakundeetan proposamen konkretuak egitea dela esateak, azken finean, ulertzera ematen du, politika alderdien eta erakundeen kontua dela. Eta guzti honek larritzen nau, independentismoan politika ulertzeko zabaltzen ari den modu bat agerian jartzen baitu. Gauzak aldatu nahi ez dituztenei komeni zaien politika ulertzeko modua, ez mugimendu askatzaileei.