Floren Aoiz

Hemen gaude, besteak beste, Txikia baitzuen izena

Txikia zuen guda izena. Hitz hauekin hasten da Telesforo Montzonek Eustakio Mendizabali, hau da, Txikiari egindako kantua. Duela 45 urte hil zuten Txikia Algortan ETAko kidea zelarik. Kantua, Txikiaren hainbat borroka kideen grabazio klandestino baten bidez hasi zen zabaltzen, baina Pantxoa eta Peioren bertsioa da ezagunena, zalantzarik gabe.

Audio_placeholder

Hemen gaude, besteak beste, Txikia baitzuen izena

Loading player...
Floren Aoiz GAKOA
Floren Aoiz GAKOA

Duela aste batzuk hasi nintzen gogoeta hau idazten aipatu kantuaz nahiz gatazka armatuaz hitz egiteko asmoz. Helburu hori baztertu gabe, ikuspegia fintzea erabaki dut, gertatzen ari denak eragiten dizkidan emozioei erreparatuz egin nahi baitut ene ekarpena. Agian makur nabil, baina uste dut ez naizela hau guzia intentsitate emozional handiaz bizitzen ari den bakarra. Gauzak honela eta kontrakoa pentsatzen ohi badugu ere, uste dut gertuen dugunetik harago pentsatzeko parada ematen ahal digula hainbat emozio aintzat hartzeak. Bestela esanik, iruditzen zait sentitzen ari garenari begira jartzea baliagarria izan daitekeela ikuspegi estrategikoa garatzeko. 

ETAren zikloaren bukaeraren aitzin gaude. Errelatoaren bataila deitzen den hori gatazka politikoaren jantzia besterik ez da, baina lehia hori ez da soilik maila orokorrean gauzatzen. Gure egunoroko bizitzan atzematen da eragina, iragana, oraina eta geroa korapilatzen direlarik aldaketa une berezi honetan. Sumatzen dugu historia liburuetan agertuko den gertaera handi baten atarian gaudela, baina honek dakarrena kudeatzea ez da erraza, politika, borroka, mundua aldatzeko jarduera, kontzeptu potolo hauek guziek gure bizitzaren muina ukitzen baitute. 

Lehengo egunean, Baigorrin, Nafarroaren Egunaren bezperan, lagun batzuekin afaldu ondotiko giro ederrean, Ken Zazpiren Hemen gaude kantuak hunkitu ninduen. Bai, lagun asko eta askoren moduan nik ere emozio korapilatuak sentitzen ditut egun bereziotan, “ziklo” hitz hotzak hamaika bizipen bero barnebiltzen baititu.

Baigorriko zubiaren gainean egin genuen topo Eñaut Elorrietarekin biharamunean, kantuaren oroimena burutik ezin aldenduz nenbilela. Halako kasualitatez josten da gure bizitza eta ordu batzuk beranduago, gauean, beste hainbat musikarirekin borroka kantuak jotzen hasi ginenean emozio bereziak atzeman nituen inguruan dantzan eta kantuz genituenen artean. Iragarki ergel batek hodeien usaina aipatzen zuen, konpresak saltzeko, oroituko duzue. Ziklo baten bukaeraren usaina definitzen ez nuke jakinen, baina une hartan eta beste batzuetan hauteman dut azken asteotan, guzi honek eragina baitu guregan, eragin zuzena, bizirik baikaude, sentimenez eginak garelako, gure gorputzak sentitu egiten duelako, besteek egiten dutenak eragina baitu guregan, guk egiten dugunak haiengan bezala. 

Hemen gaude, bai, ziklo baten itxieraren atarian. Maite genituen gauzengatik erori ginen preso dio Ken Zazpik musikatu zuen Joseba Sarrionandiaren bertsoak. Eta gure maitasuna ez dago preso, hori ere kantuak dakar. Ez, gure maitasuna ez dago preso, eta aske ez bada ere, Euskal Herria bera ez dago preso, ez bederen duela 60 urte zegoen moduan.

Gure herriaren borrokek ateak ireki dituzte, bide berriak ibiltzeko aukerak sortuz. Menpekotasuna ez dugu gainditu, errepresioa ez da eten, atzeraka doaz askatasunak espainiar nahiz frantziar estatuetan, itxikeria gordina izan da gatazkaren ziklo armatua ixteko hautuari eman dioten erantzuna, baina Euskal Herria ez dago frankismoaren gau ilunean bezala, eta aldaketa hau ez da zerutik erori. 

Hemen gaude, besteak beste, Txikia zuelako guda izena. Aro berria irekitzen ahal da, batetik, aro zaharrari esker, eta bestetik, aro zaharrari agur esan eta berria abiatzeko hautuari esker. Onerako eta txarrerako, hala da, goraipatu beharrekoak gogoan, eta autokritika nahiz ardura politikoa gureganaturik. Sentitzen duguna politikoa da, emozio hauek politikoak dira. Politizazio erraldoia izan da euskal matxinada demokratikoa eta ziklo aldaketa mobilizazio politiko fase berria izanen da, derrigorrez, hurrengo urteetan hartuko dituen formak aurreikusterik ez dugun arren. 

Zikloa esatean, finean, geure bizitzen ibilbideaz ere ari gara. Barneko zerbaiti ere agur esaten diogu guk ziklo baten itxieraz, horregatik atzematen dugu tristura ontzat hartzen dugun eta pozten gaituen aldaketa baten aurrean. 

Jende askok dolua sentitzen ahal du hau guziaren aurrean. Dolua, oroimenak, tristura uneak, emozioak bor-bor, barne barnean errotuta baitaude korapiloak. Aldaketa estrategiko bat ez da ildo politikoaren inguruko eztabaida hutsa. Aldaketa estrategikoak orain artekoa zorrotz aztertu eta bide berriak lantzea eskatzen ditu eta honek eragin zuzena dauka gu guziongan. 

Hau ere bizi beharra dago. Korapilo hauek gureak dira, eta kudeatu behar ditugu, aurre egin behar diegu. Beldurrik gabe, dolua maitasunaren adierazpena baita. Egindako hautu gogor eta zailaren araberako dolua sentitzea ulergarria ez ezik onuragarria delakoan nago. Dolua bizi beharra dago, beraz, barne korapiloari ihes egitea ez baita aro berria indar oroz bultzatuko onena. Baina kasu, dolua nostalgia bilakatzea ez litzateke ideia ona izanen. Nostalgiak begirada lainotzen du, bidearen hurrengo urratsak iraganean kokatuz. Ez, hori ez da ideia ona, ez baita aurrera egiten atzera begira. 

Ezker abertzalea borroka komunitatea izan da eta da. Borroka jarduerak aldatu dira, mundua eta gure jendartea aldatu dira eta geu ere aldatu gara. Ezker abertzalea ez da duela 60 urtetakoa, zorionez. Ezker abertzalea bizirik dago, hain zuzen, aldatu delako. 

Honenbestez, norberaren lanaz gain, kolektiboki kudeatu beharko genituzke ziklo aldaketaren emozio korapilatsu hauek, ene ustetan. Partekatu behar ditugu, konplexurik gabe aipatu, kezkak eta zalantzei ihes egin gabe, elkarlana ahalbideratzen duten konplizitateak berretsiz. Jakin badakigu elkarrekin aritzea ezinbestekoa dela aldaketak lortzeko, baina ontzat eman behar dugu, halaber, elkarrekin aritzea gustuko dugula. Indibidualizazio eta tribalizazio garai hauetan errotiko aldaketen aldeko hautu partekatuaren balioa azpimarratu behar dugu, urte askotan egindako lanaren uzta baita. 

Gogoeta emozional estrategiko berezi honen epizentro izan zen Baigorrira itzuliz, igandeko herri bazkarian bizitakoa aipatu nahiko nuke, testua bukatu aitzin. 

Altsasuko gazte preso den Adurren ama, hau da, Bel, igo zen oholtzara, bertan bildutako jendearen txalo eta emozio piztuen artean. Ziklo aldaketa korapilatsu honek badu bere kartografia eta bertan Altsasuk badu leku berezia. Espainiar agintariek ziklo zaharraren logikari segida eman nahi diotelako daude preso Altsasuko gazteak, ziklo berria nahi duelako dago gure herria Altsasuko gazte eta gurasoekin. Baigorrin ere begi bistakoa zen, dolua borroka emozio eta ilusio berriez erditzen ari baita. 

Ez, nostalgia ez da ideia ona: ez dugu denbora galtzerik. Borroka berriak gure begien aitzin ditugu, mobilizazio erraldoietan atzematen dugu berpizten ari den indarra, gure garaiko gazte eroen amorru eta irrietan atzematen da enbor beretik sortu direla jada besteak.