Mikel Begoña

Bhimayana: ukiezin baten bizipenak

Indian sortzen diren albisteak ez dute kasik oihartzunik gurean. Astelehenean Indiako hirietan sekulako liskarrak eta hildako ugari izan dira, baina mendebaldeko komunikabidetan  ia ezer ez da agertu. Eguraldiari buruz hitz egin zen batez ere,  askoz politagoak baitira zeruko kontuak lurrekoak baino. Baina Indiak mundu mailan daukan pisua gero eta handiagoa da, munduko populazioaren seiren bat Indian bizi da gaur, eta munduko estaturik populatuena izateko bidean jarri da, Txinari aurrea hartzeko bidean.

Audio_placeholder

Bhimayana: ukiezin baten bizipenak

Loading player...
Talaiatik Mikel Begoña
Talaiatik Mikel Begoña

Indian gaur egun oraindik kasten sistema bizirik mantentzen da eta hau izan da  asteleheneko liskar eragile nagusia. Indiako Epaitegi Gorenak bertan behera utzi zuen pasadan astean gizarteko mailarik baxueneko partaideak,  ukiezinen kastakoak, eraso eta gehiegikerietatik babesteko indarrean zegoen lege bat. Eta mobilizaziorako deialdia berehala zabaldu zen Indiako eskualde gehienetara. Lehen esan dugun bezala hildakoak ERE izan dira, bederatzi, eta zaurituak berriz ehundaka.

Hemen eguraldia aipatu beharrean komikiak aipatzen ditugunez, Talaiatik irratsaiora Indiako ukiezinen edo parien kastakoen arazoa azaleratu eta salatu zuen eleberri grafiko bikain bat ekarri dugu.  Bhimayana: ukiezin baten bizipenak. Jatorriz Indian ingelesez argitaratu zen komikia 2010ean eta liburuak baditu gazteleraz eta frantsesezko itzulpenak ere bai. Frantzian Nantes hiriko Memo argitaletxeari esker eta Espainian Sexto Piso-ri esker. Indian tradizio gutxi du komikigintzak. Hala ere, bederatzigarren artearen ohiko mekanismoak kopiatu beharrean, egileek komiki-lengoaia diskurtso berri bat eraikitzeko kapazak izan dira. “Gure pertsonaiak ezin ditugu koadroetan gorde (hau da binetetan), ito egiten baitira” azaldu zuten behin komikiaren egileek, eta ondorioz jorratutako bideetatik ibili beharrean, komikiaren estiloa Indiako antzinako arte tradizioekin lotu dute, komiki estandarretan ohikoa ez den emaitza berezi eta ezberdin bat lortuz. Nire ustez  mende honetan argitaratu den komiki hobeenetarikoa dugu.

Bhimrao Ramji Ambedkar (1891-1965) filosofo budista eta ekintzaile politikoa omentzen dute egileek liburuan, neuk berriz, astelehenean Indian  ukiezinak eta mendebaldean ikusezinak direnak gogora ekarri gura izan ditut. Haien omenez doaz gure gaurko hitzak. Eguraldi on lagunok!