Errementari: euskararen zuloak josten

Euskal Herriko zinemetan lur hartu baino egun batzuk arinago ikusteko aukera eta zortea izan dut Paul Urkijoren lehen eta momentuz azken filma, Euskadi Irratiak EiTBren Bilboko egoitzan prestatu duen aurre-estreinaldian.   Entzuleoi istorioa zapuzteko inolako asmorik gabe (lasai, Patxi Errementariaren istorio klasikoa ezagun duzuenok ere hartuko duzue sorpresaren bat edo beste filmaren twist eta shout-en artean) bada espoiler bat egin nahiko nukeena, filmaren kalitateari buruzkoa: Bai, film ona da Errementari. Are, bikaina ere bai, irudi, gidoi, erritmo, aktore eta zuzendaritzaren aldetik. Infernuko zirkulu bat bezain borobila.

Audio_placeholder

Errementari: euskararen zuloak josten

Loading player...
Xabier Landabidea.
Xabier Landabidea.

Behin ardura edo pisu hori kenduta, eta entzuleok ostiral honetatik aurrera zinemara inguratzera lasai joan zaitezketela ziurtatuta (edo bestela eskatuko dizkidazue kontuak), Errementari bezalako film baten garrantziaz bi ideia ekarri nahi nituzke uhinetara: 

Lehena, agian begi bistakoena: Fantasiazko film luze bat estreinatzera doa gure zinemetan zer eta mendebaldeko euskaraz. Ezin dugu esan euskara batuaz film fantastiko asko argitaratzen ditugunik, baina no eta to, EAEko Lehendakariak esango lukeen forman: egin egin behar da lehen Karlistaldiaren ostean kokatutako film fantastiko bat Araba ekialdeko euskaraz.  

Egin… eta ondo egin gainera. Ez bakarrik ondo. Ez baita film txukuna bakarrik maila formalean. Mimoz, maitasun handiz egindako lana da, eta igarri egiten zaio. Maitasuna dario, planoz plano eta kolpez kolpe. Inoiz pantailan entzun gabeko euskalkiaren sinesgarritasuna maitasun ariketa kolektiboz borrokatuz, tarteka irabaziz, tarteka galduz, baina aurrera eginez lehenengo sekuentziatik.  

Bigarrena: gutxi baliatu ditugu gure mitoak transmedia operazioak egiteko. Kurioski Patxi Errementariarena bi pieza funtsezkotan aurki dezakegu jada, gutxienez: 1985eko Juanba Berasategi eta Koldo Izagirre haien Kalabaza Tripontzia eta 2018ko Paul Urkijo eta Asier Gerrikaetxeberriaren Errementari hau. Bigarren honek ere keinu bat egiten dio, istorioaren amaiera aldera lehenengo hari, eta uste dut ez dela kasualitatea, egileen keinu kontziente bat dela aldi berean gure mitologiei eta baita gure mitologien errementari ibili diren aurreko sortzaileei ere. 

Mitoak, kondairak, teologia katolikoa hartu eta irudi eta soinuzko, ikusi eta entzunezko burdinolan berotu eta kolpez kolpe landu, bihurritu, estutu, bultza eta tira behar den forma eman arte. Ez pastitxe bat bezala, baizik eta zera bizi, zera sendo, zera zorrotz bat bihurtu arte. Dena baita langai filme hontan. 

Galdera: Loreak, Handia, Errementari… Euskaraz zinema egin dezakegula berriro ere sinesten hasi garela dirudi. Eta orain zer? 

Orain… esango nuke egin beharreko zerbait eginda dagoela, eta aldi berean askatzen gaituela eta interpelatzen gaituela egiteko ditugunak egiten hasteko. Frogatu dugu Goya edo Oscarretarako moduko filmak egin daitezkeela euskaraz. Ikusi berri dugu Legend edo The Dark Crystal bezalako filmak egin ditzakegula. Orain… euskaraz oraindik egin gabeko eta egin beharrekoaren eremu osoa desplegatzen zaigu aurretik. Une ederra da.