Oihane Mikeo

Konekta gaitezen

Komunitateak zerbaiten parte gineneko sentipena eman ohi zigun, identitatea eta jarraikortasun sentsazioa. Aitzitik, ez zegoen askatasunik. Komunitatea zer, zu hura, agindutakoa egin eta gidaritzari men. Ez dut ezagutzen bere askatasunari uko egin nahi liokeen askorik, baina segurtasun pixka bat berreskuratu nahi lukete, bai: aingura bat, jende asko bakarrik sentitzen da.

Audio_placeholder

Konekta gaitezen

Loading player...
Talaiatik Oihane Mikeo
Talaiatik Oihane Mikeo

Gutariko batzuk askatasunerantz joko dugu, beste batzuk berriz komunitatera, zerbaiten parte izatera, eta honek derrigorrez gure banakotasunaren murriztapena dakar. Dakusagunak finean, behar bati erantzuten dio: konexio beharrari. Bizitzeko, bizirauteko, konexioak behar ditugu. Konexiook nola adieraziko diren, nolako argitasunez, zeinen irmo – honen erdian aurkitzen gara.

Konektatzeko gaude kableatuta, konexioa bizitzeko mota askotako harremanak sortzen ditugu. Beti egin dugu, beti kiribil txiki batez. Aldaketa-giltza argi batzuk badira, bikote harremanetan adibidez. Historiaren zatirik handienean, mundu osoko kulturetan, ezkontza instituzio ekonomiko bat izan da, balioak biltzeko batez ere. Haurrak, familia, jendartearen errespetua nahi genituen eta hauek denak ezkontza deituriko aliantzak bermatzen zituen. Orain maitasunagatik ezkontzen gara, gure ideal erromantikoaren barruan nik zu hautatzen zaitut eta zuk ni hautatzen nauzu. Promesa bat da, ez naizela sekula berriro bakarrik sentituko, abandonatua, bakardade existentzialarekin borrokan. Gure aiton-amon gehienentzat intimitatea lurra elkarrekin lantzea, haurrak elkarrekin heztea, egunerokotasuneko zamak konpartitzea zen. Esan daiteke egun pertsona bakarrarengandik jaso nahi dugula behin komunitate oso batek ematen ziguna: nahi ditut zugandik sustraitzea, dependentzia, egonkortasuna, segurtasuna, fidagarritasuna, lasaitasuna eta baita ere eskatzen dizkizut berritasuna, abentura, misterioa, emozioa eta sorpresa. Nire aingura eta nire olatuak izan zaitezen nahi dut.

Eredu hau amaren bularretik jasotzen dugu, beti hala izan balitz bezala. Funtzionatzen ez badu ez da eredua gehiegizkoa delako, okerreko pertsona aukeratu dudalako baizik.

Eta hurrengoan hobeto egingo dut.