Bada MAIUSKULAZ idazten den Angulemako jaialdi handi bat, eta bada minuskulaz idazten den beste bat. Angulemako txoko ezberdinetan badira ehunka mikro-jaialdi txikiagoak eta sarri gertatzen da, erakusketa interesgarrienetarikoak sorpresaz aurkitzen dituzula edozein kale kantoiari bira egiterakoan. Adibidez, azoka egunetan publikora zabaltzen den Hergé karrikako etxe partikular batean kasualitatez ikusi genuena. Etxe horretako bigarren solairuan oraindik oso ezaguna ez den Zoé Thouron egilearen erakusketa bikaina ikusi genuen… adibide bat baino ez da, holakoak ugariak izaten dira… eta hau nire ustez da Angulemako jaialdiak daukan berezitasun aipagarri bat...
Baina erakusketa ofizial eta handiak ere izan ziran eta bereziki gozatu genuen Angulemako arkeologi museoan kokatu zuten Osamu Tezukaren erakusketarekin. Esan behar da, jatorrizko plantxez osatutako eta ondo azaldutako erakusketek, artista handi baten ibilbidea argitzen laguntzen dutela eta hala gertatu zen Mangaren aitzindari eta maisua izan den artista honekin.
Gauza bera esan dezakegu Emmanuel Guibert egilearen inguruan antolatu zen erakusketaz. Guibert Le Photographe, ospetsuaren egilea dugu eta gaur bederatzigarren artearen mendizerran gailur altuenetariko bat dela ez da, dudarik.
Hala ere, jakingo duzue mendizaleok, edertasuna neurtzeko dagoen baremo printzipala ez dela beti mendiaren altuera.