Nerea Segura

Zomorroak Mozorrotua

Inauteri garaia da, paganismoan sustraitutako jaia. Hego Euskal Herrian debekuak galzorian jarri zuen baina, urte batzuk maskaratuta ospatu ta gero, gure egunerarte iritsi da.

Audio_placeholder

Zomorroak Mozorrotua

Loading player...
Nerea Segura Talaiatik
Nerea Segura Talaiatik

Jatorria zeltiarra liteke, hala ere, kultura, erlijio eta ohitura anitzen eragina du. Carnival edo carnaval hitzak, festa izendatzeko erabiliena, kristautasunaren eragina du eta haragia jateko debekuari erantzuten dio. Bizkaiko herri askotan aratuste deritzote. Nutrizio-ikuspuntutik, haragi kontsumoa murriztea, idea ona da; bereiziki, prozesatuta daudenak. 2015ean alarma jo zuenetik, kontsumoa murriztu egin da bai, baina gutxiegi: urteko kontsumoa pertsona bakoitzeko 50kg inguru dira, oraindik.

Alarmak behin eta berriro ari du jotzen, zer jaten dugun ere ez dakigu: mozorroturik saltzen dizkigute elikagaiak! Azken egunetan, beste jaki-enpresa baten iruzurra agerian utzi dute. Burgosetik zuzenean gure apaletara «estafado de ternera», behi-haragi faltsuko hanburgesak. Inauteriak satira giroan, gizartearen ordena hankaz gora uzten dute. Enpresa honetan gauza bera gertatu zen. Lapurtzeagatik kaleratutako langileak (Miel Otxin delako bat), ustelkeria-kasua argitara eman zuen. Abelgorriko burgerrak, oro har, ez zuten % 25a gainditzen. Urteak zeramatzaten beste haragi mota batzuk nahastuz: txerri edo zaldiena, esaterako. Azkeneko hauek merkeagoak direnez, etekin ekonomikoa lortzea egozten diete. Eta, bestalde, kontsumitzaileen eskubideen kontra erasotzeagatik iruzurra. Enpresaren arabera, oso urtsu izateteko, zenbait osagai berri erantsi zizkioten: urdaia, soia, ogi birrindua, gehigarriak, ura… Batzuk, 2015ean lehen ikuskapena jaso arte, ez ziren etiketetan agertzen. Ura gehituta, haragi prezioan, normal mamitsua izatea! Goazen pausoz pauso, ordea. Non da kontsumitzaileen ziurtasun bermea? Alergenoen-araudia ez dute betetzen: glutena, soia… baten bat  etiketatu gabe zuten. Non da kontsumitzaileen etika-bermea? Halal ziurtagiriak islamaren lege sistemak onartutako elikagaiak egiaztatzen ditu; produktuak 2016a arte bazuten. Gogoratu, produktuek ere txerri-haragia eta -gantzak bazituztela (% 28, alajaina). Txantxak, sekretu eta zurrumurruak zabaldu dira… jai-giroan sartuta.

EFSAk (Europako Elikagai Segurtasunerako Autoritateak) intsektuak kontsumitu eta merkaturatzeko baimena eman du Europar Batasunean. Haragiaren krisiaz baliatuta? Eztabaida batetik, bestera goaz. Elikadura orekatuan, jasangarrian eta ziurran, zomorroak barne al dira? Bai, aukera ona dira! “Txitxi”burruntziak edo bestelakoak, haragia ordezkatzeko era iraunkorra dira. MOEk berak, hobezten ditu. Laburbilduz, beraien osagarriak dira: kalitatezko proteinak, kolesterolik gabeko gantzak, disolbaezin-zuntza eta mikrobiota hobesten duten hainbat elikagarri. Nahiz eta, aurreiritziei eta usteei aurre egin behar diegun. Elikaduraren oinarria izango dira? Ez. Barazkiak, frutak, onttoak, ale integralak, lekaleak, fruitu lehorrak... dira gure oinarria. Ituren eta Zubietan joaldunak kalera atera dira. Tradizioak dioenez, zarata lurra esnatzeko erabiltzen da, ereite jaia da. Beran, aldiz, artzain eta inudeak dantzan ditugu. Zuk festetan ez duzu huts egiten! Baina, serio hitz egin dezagun. ENBAk (Euskal Nekazarien Batasunak) dioenez, euskal gizartea hiritarragoa da. Gazteek ingurumena, jasangarritasuna, tokian tokiko produktuak balioesten dituzte. Baina, non da baserrien etorkizuna? Hori dela eta, Foru Aldundiek laguntza ekonomikoak eskaini ditu, basarritar gazteak barneratzeko asmoz. «Zure bizitzan, gutxienez behin, sendagile, abokatu, arkitekto baten lana behar izango duzu; baina egunero, hiru, lau, bost aldiz, nekazari baten lana behar izango duzu» (elkarkidetasun-kultura). Haien lan gogorra aintzat hartu dezagun, eskerrak gure baserritarrei.

Otsailak 08, Ostegun Gizenak hamaiketakoan izango du bere hasiera; Ostiral Mehea, ironikoki, egunik lasaiena da; Larunbat Erdiko; Zaldunita; Astelehenita; eta, Asteartita burutzeko. Aurten, astearteak 13. Jaiak gozatu!