Koldo Garcia

Zientzia xumearen garrantzia

Zientziaz hitz egin ohi dugunean aurkikuntza handi eta ikerketa berritzaileenak jorratzen ditugu. Ikuskizunaren eta orainaren gizartean informazioa horrelakoa izatera ohitu baikara. Baina bada ere zientzia xume bat, txikitxoa, asmo handirik ez duena, jakin-mina asetzeko besterik egiten ez dena.

Audio_placeholder

Zientzia xumearen garrantzia

Loading player...
Talaiatik Koldo Garcia
Talaiatik Koldo Garcia

Zientzia xume honek mehatxu berri bat du: EEBBetako Senatuak ikerkuntza egitasmoak onartzen dituzten batzorde zientifikoetan esku sartu nahi du. Zergadunen dirua “tontakerietan” xahutzen dela aitzakia bezala hartuta, “zentzurik” edo “onurik” ez duten ikerketei finantzazioa moztu nahi diete. Baina hitz horiek amarru bat dira, oinarrizko ikerkuntzaren biziraupena kolokan jartzen dutenak. Eta oinarrizko ikerkuntzarik gabe ez dago aurrera egiterik. Zeren askotan zientzian ikerkuntza baten ondorioak ezin ditzakegu aurreikusi. Esate baterako, X- izpiak kasualitatez aurkitu ziren, jakin-min hutsez beste bitxikeria bat ikertzen zeudela. Edo penizilina ere.

Adibiderik berriena orain modan dauden genomen ediziorako teknika bat da, genetika irauliko omen duena, CRISPRa hain zuzen ere. Ba teknika hau bakterio batzuek beren birusen aurreko defentsa-sistemaren moldapen bat besterik ez da. Defentsa-sistema hau ikertzeko, eta existitzen zela frogatzeko, buru belarri zeuden ikertzaileek lanak izan zituzten finantzaketa lortzeko. Zeren, nori axola zaio bakterioak nola defendatzen diren birusen aurka? Zertarako dirua horretan xahutu? Ez dago ezer garrantzitsuagorik ikertzeko? Ba pentsamendu horrekin ez genuke orain esku artean izango gaixotasun genetikoak sendatzeko lanabes ahaltsu hau. Kontu handiarekin ibili behar gara halakoak esaten direnean: agian ez da txikikerietan dirua xahutzen dela, baizik eta zientzia xumean dirua inbertitzea dela.

Hortaz, ikerkuntza arraro bat edo zentzu nabarmenik ez duen berri zientifiko bat entzuten duzunean, ez pentsatu  “zertarako balioko ote du horrek?”, zure buruari galdetu “ze aurkikuntza liluragarri sortuko da hemendik?”