Amets Arzallus "Kezkatzen naiz andamio hutseko bertsogintza ikusten dutenean"

10. urteurren hau ospatzeko egiten ari garen #ezpalak elkarrizketa sortan, bertsolaritzaz ere aritu gara. Nola ez, gure erredakzioan, Agin Laburu izan badugu. Nola ahantzi bere umorea, bai "bostetako diligentzia" saioan baita "jokoa jolas" saioan ere. Berriro ere lanean jarri dugu, eta aurrean beste bertsolari bat: Amets Arzallus. Bertsolaritzaren inguruko klase magistrala izan da hau, Ametsen bertso nabarmengarrienak aztertuz eta hendaiarraren ibilbidearen garapenean sakonduz. 

Audio_placeholder

Amets Arzallus "Kezkatzen naiz andamio hutseko bertsogintza ikusten dutenean"

Loading player...
Agin Laburu eta Amets Arzallus
Agin Laburu eta Amets Arzallus

Euskal Herriko bertsolari txapeldunak kontzentrazioz entzun eta erantzun ditu Agin Laburuk luzatutako galdera guztiak. Aspaldi abestutako bertsoak entzunarazi dizkio Laburuk, eta ondoren abestutakoa aztertu.

Gogoan izan dute Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen zuten garaia, ondoren, Nafarroak hala erebakita, kanpoan geratu ziren iparraldekoak "interes ezberdinak zeuden tarteko. Tristura puntu hori izanda ere, behartuak sentitu ginen gure txapelketa antolatzera. Denborarekin gure onura ekarri digu" esan du Arzallusek baina nabarmendu du "moduak ez ziren onenak izan".

Ametsen bertsokeraren garapena ere aztertu dute, besteak beste, Maialen Lulanbiorekin 2001ean Etxarri Aranazen kantatutako bertsoak gogoan hartuta. Agin Labururen ustez Ametsen "zuzentasuna" argi uzten duten bertsoak dira. Entzun ere,  umore tonuan, puntuka, Andoni Egañarekin abestutakoak (BEC 2005). Eta hor aztertu dute bertsolari bakoitzak puntuka aritzeko erabiltzen duen estrategia. 

Hitz egin dute gaur egungo bertsolaritzaz ere. Estetikari garrantzia gehiegi ematen ote zaion galdetuta, Arzallusek aitortu du baduela kezka "gaiek noruntz eramaten duten bertsolaria, epaileek zer baloratzen duten, eta guk zer eginez bukatzen dugun". "Batzuetan sentitzen dut bertsoaren funtsa edo arima falta dela" eta azaldu du "gaur egun bertso bat egiten ingenieritza bat dago, eta andamio askoz osatuta dago bertsoa, eta hainbeste andamio, batzuetan hainbeste andamio, duda egiten duzula  zerbait ote dagoen hor atzean".