Medikuntza eta errezetak banaezinak direla argi du, eta medikuen letra bihurri eta ulertezinaren arazoa konpontzeko lanabes informatikoei eskerrak eman dizkie. Hala ere, Osabide APP-a eta Osabide Global tresnek hizkuntza bakarra lehenetsi izana salatu du: gaztelania. Goitik ezarritako eredu sanitario elebakar eta homogeneizatzailea inposatu dietela argi utzi du, duela hiru urte Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari osasun arloko tresna informatikoak elebidun bihurtzeko eskatu zion arren. Lanerako ezinbestekoa zaien lanabes informatikoa euskaraz ere eskainiko zutela hitz eman zieten Gasteizko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzako zuzendaritzak, baina oraindik ere gaztelera hutsean daude.