#Info7AgurBira Halabedi irratia, gure bidaide aliatuak

Elkarlana eta hartu-emana izan ditugu gaur hizpide. Info7 Irratiaren etxea eta familia izan den Arrosa Sareari eskaini diogu 'Agur Bira'-ren geldialdia, eta Gasteizen ginela probestuta, nola ez, Hala Bedi irratia bisitatu dugu. Gasteizeko irrati librea beti sentitu baitugu hurbil, beti izan dira gure aliatu. Beti prest Gasteiz eta Arabako berriak emateko "Bertatik Bertara" tartean, tertulietan iritzia emateko...Hala Bedi Irratiko sukalderaino sartu gara. Juan Karlos Garcia 'Patas', Igor Goikolea, Ainhoa Villaverde eta Mikel Saenz de Buruaga halabeditarrak elkartu ditugu mahairen-bueltan.

Audio_placeholder

#Info7AgurBira Halabedi irratia, gure bidaide aliatuak

Loading player...

80. hamarkadan Euskal Herrian loratu zen irrati libreen mugimenduko erakusle da Hala Bedi Irratia. 1983ko abuztuaren 4ean jaio zen Gasteizen eta gaur egun, Araba osoara zabaltzen ditu bere uhin libreak. Zehazki, Hala Bedi Irratia elkarteak bi irrati kudeatzen ditu, alde batetik, Hala Bedi Bat (107.4 FM) eduki elebidunak (euskaraz eta batez ere, gaztelaniaz) lantzen dituena eta beste alde batetik, Hala Bedi Bi (88.8 FM) euskaraz emititzen dena.

Edozein kasutan, irratiaren historiaz jakiteko biderik zuzenena akaso, 'Patas'i galdetzea da, ia sorreratik aritu delako Gasteizeko irrati librean. Besteak beste, Hala Bedi Irratiko 'Suelta la Olla' magazineko ahots nagusietako bat izan da urte luzez 'Patas'. Bere hitzetan, «bizitza erdia» darama Hala Bedin. Hori bai, «kasualitatez» sortu omen zen Gasteizko irrati librean, hasieran soinu-teknikari moduan eta gerora irratsaio bat egiten.

Ainhoak berriz, 10 urte inguru daramatza irratian, «gazte antolakundetik sortu zen ideia bati irrati forma eman eta 'Gazte Taupadak' irratsaioa sortu genuenean hasi nitzen ni Hala Bedi Irratian». Lehen irrati esperientzia horrek lau bat urte iraun zituen eta orduz geroztik, modu desberdinetan parte hartu du Ainhoak Gasteizeko irrati librean.

Gaur osatu dugun halabeditar tertulia honetan beraz, gazteenak edo berrienak Igor eta Mikel dira. Igorrek adibidez, duela bost bat urte Gasteizen izan zen gazte asanbladen eta gazte mugimenduaren 'boom' moduko bat aipatzen du beraren eta irratiaren arteko lehen harremanaz hitz egiterakoan. Igorren hitzetan «garai horretan, nere auzoan proiektu komunikatibo bat martxan jarri behar genuela pentsatu genuen, baina erronka handiegia zenez edo, azkenean, Hala Bedi Irratian 'Txagobelarri' izeneko irratsaioa jarri genuen martxan». Astean 30 minutuko irratsaio bat egitetik, erredakzioan orduak eta orduak igarotzera pasa da Igor.



80ko izpiritua eta ikuspegi berritzailea

Akaso kasurik bereziena Mikelena da eta bada, hein batean, behintzat, Hala Bedi Irratiak azken boladan izan duen garapenaren erakusle ere. Horrela azaltzen du Mikelek berak : «Ni ez nintzen Hala Bedira iritsi irratigintzaren bidetik, baizik eta bideogintzatik».

Hala Bediren ikur nagusia irratiak izaten jarraitzen du, baina teknologia berriek eta hedabideen garapenak ekarri duten testuinguru berrira egokitzen jakin duen heinean, sare-sozialak, bideogintza eta bestelako euskarriak ere proiektuaren parte garrantzitsua dira gaur gaurkoz.

Kontutan hartzeko ibilbidea duen proiektu komunikatibo herritarra da beraz, Hala Bedirena. Besteak beste, 80. hamarkadan jaio zen irrati librea izanagatik ere, garai berrietara egokitzen jakin duelako eta bestetik, hastapenetako izaera libre eta piratari eusten asmatu duelako ere.

Irratia kasualitatez

Egiari zor, irratigintzatik multimedia komunikaziora eman beharreko salto horrek «bertigoa» sortu du hedabide ia gehienetan eta Hala Bedi ez da salbuespen bat izan. Edozein kasutan, argi dago halabeditarren artean dagoeneko oso gaindituta dagoen «bertigoa» dela hori. Trantsizio hori oso modu argian eta naturalean nola eman zen ulertzeko, interesgarria da oso Igorrek oroitu duen hau ; «gogoratzen dut, hau guztia eztabaidatzen ari ginen asanblada horietako batean, nola irratiko beterano batek eskua altxatu eta irratia kasualitatez ginela esan zuela. Azken batean, 1983. urtean errazena irrati bat sortzea zen!»

Ildo berdinetik jarraitzen du Ainhoak hausnarketarekin eta gaineratzen du, herri komunikabide bat diren heinean, herri mugimenduen beharretara egokitu beharra dutela eta zentzu horretan, “tresna eraginkorrak sortzeaz gain, guretzat ere jasangarrienak diren proiektuak hautatu behar ditugu”.

Topagunea, utopia, laborategia eta bozgorailua

Elkarrizketa amaitu aurretik, Hala Begi nola definitiko luketen edo haientzat Hala Bedi zer den galdetu diogu laukoteari eta hauek izan dira erantzunak, bata bestearen atzetik zerrendatuta eta esaldi batean laburbilduta:

Igor Goikolea : «Gasteizeko herri mugimenduaren topagune nagusia»

Mikel Saenz de Buruaga: «Bi lelo hautatuko nituzke nik. Batetik, irrati libre bat baino gehiago dela eta bestetik, utopia bat espazioan»

Ainhoa Villaverde : «Nik esango nuke eskola bat dela zentzu askotan, lagun-arte bat ere bai eta amaitzeko, esperimentazioa komunikatiborako laborategi bat»

Juan Karlos Garcia 'Patas' : «Uste dut guztia esanda dagoela... Halere, herri mugmienduan bozgorailu izateko Hala Bedik betetzen duen paper garrantzitsua nabarmenduko nuke nik»