«Baliabide gutxirekin bide berriak urratu genituen»

Info7ko itxierarekin lotuta egiten ari garen solasaldi berezien baitan gaur aspaldiko lagunak elkartu ditugu Urruñako estudioko mahai borobilaren bueltan. Batetik, albistegietan urtetan aritutako Ekhiñe Atorrasagasti, bestetik, 5etako Diligentzia eta Jokoa Bai saioen gidari Agin Laburu, eta azkenik, Kalegorrian saioa bera gidatu izan duen Ion Telleria. Momentu hunkigarri hainbat gogora ekarri dituzte Eider Olazarrekin batera, eta, umorerako tarterik ez da falta izan.

Audio_placeholder

«Baliabide gutxirekin bide berriak urratu genituen»

Loading player...
Ekhiñe Atorrasagasti, Agin Laburu, Ion Telleria
Ekhiñe Atorrasagasti, Agin Laburu, Ion Telleria

Arratsalde asko elkarbanatu izan dituzte Ekhiñe Atorrasagastik eta Agin Laburuk, lehenak albistegi zerbitzuak eginez, eta bigarrenak, 5etako Diligentzia gidatuz. Erredakzioa hutsa zegoen garai haietan sagardotegiko semeak eramandako bakailo tortilarekin betetzen zituztela arratsalde haiek ekarri dute gogora. Ion Telleriak, berriz, Donostiko estudioan Martin Garitano eta garbitzaileak zituen konpainia; “turno gogorra” dio Atorrasagastik, barreak lagun.

Laburu izan da umorerako tarte gehien utzi duena. Bere txisteekin Larraitz Otazo teknikariak egindako muntaiak Astigarragakoa lotsagorritzea ere lortu dute. Txisteak bakarrik ez, elkarrizketa jostagarri hainbat ere gordetzen ditu 5etako Diligentziak bere baitan; Kontxu Odriozola zenari egindako hau esaterako, edota Xabier Arzallusi apostua egin eta ardo botila hartuta bertaratu zeneko beste hau. 5etako Diligentzian zein Bertso Txapelketa Nagusian egindako jarraipenak saria ere eman zien Agin Labururi: 2009ko irratigintzako Argia saria jaso zuen, eta han joan ziren harro-harro Atorrasagasti eta Olazar, Itziar Arteagarekin batera, Aginen ondoan egotera. Hemen Argia sari banaketa hartan egindako zuzenekoa. Bertsolaria eta Hernaniko bertso eskolan ondotukoa izaki, emozio bereziz bizitu zuen 2009ko Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiaren jarraipena (Info7 irratia izan zen, Aginekin batera, Txapelketaren zuzeneko jarraipena egin zuen lehen hedabidea), eta Maialen Lujanbioren txapela. Bi urte geroago bera izango zen Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera iritsiko zena, eta Info7ko kamiseta jantzita joan zena okasiorako. Bertsolari bezala, beti izan ditu lankideak alboan, kuña honetan oroitu dugun bezala.

Gogora ekarritako beste momentu hunkigarrietako bat Ion Telleria bera atxilotzera joan zireneko eguna izan da, Telleria berak eman baitzuen polizia operazioaren berri irratian. 2009ko azaroaren 24a zen, goizeko 8:00ak, eta 10:00ak arte saioa egiten aritu zen fin-fin. Bestelako emozioak ekartzen dizkie gogora San Fermin jaiek Telleriari. 2013n ikurriñaren kalejirarekin udaletxe plazan sartu zenekoa ekarri dugu gogora. Maite Bidarterekin batera 2013ko Bertso Txapelketa Nagusiko jarraipena iragartzeko egindako kuñak ere oso gogoangarriak dira, finalerako sarrerak eskainiz gerturatu zitzaien bat baino gehiago biei. Kolaborazio guzti horiez gainera, azken urtetan Gure Galbahetik asteko albisteen errepaso ederra egin izan du Telleriak Kalegorrian saioan.


Ekhiñe Atorrasagastik badu bere 27. urtebetzea oroitzeko momentu berezia irratian, olerki partikular honekin zoriondu zuen Agin Laburuk antenan. Goizez nahiz arratsaldez albiste eta momentu hainbaten jarraipena egitea egokitu zitzaion Atorrasagastiri, horien artean oroitzekoak euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egin izan diren manifestazioak; 2010eko urriaren 2an egindakoa gogoratu dugu, baliabide gutxirekin baina inor gutxik eskaintzen zuen zuzenekoa ziurtatuz. Edota 2011ko urtarrilaren 27an egin zen greba orokorraren jarraipenean ere ez genuen hutsik egin. Gidoirik gabe, paper zuriaren gainean moldatzen dela bereziki ongi Atorrasagasti dio Laburuk, 17. Korrikaren amaieran egindako konexioa jarri dugu adibide. Egiatarrak badu beste gaitasun bat, eta da, albiste aipagarririk gabeko egun goibel horietan albistegi eder bat egiten jakitea. 2010eko Gabonetan egindako honen bukaera oroitu dugu, bazkide izateko gonbidapena beti presente!

Olazarrek nabarmendu du gozamena izan dela hirurekin batera irratia egitea, eta irratia egiten ikastea. Eskola ere izan baita Info7 irratia.