Info7ren jaiotzarekin batera hasi zen 18/98 sumarioaren aurkako epaiketa eta hura ere kontatzeko ardura eta beharra sentitu genuen irratian. 2005eko azaroan hasi zen 18/98 makrosumarioa eta 2007ko martxoaren 14ean bukatu. 16 hilabete iraun zituen epaiketak. Orotara, hasi eta buka, 203 saio egin zituzten Madrilgo Casa de Campon, 126 egunetan. Oinaze sakona utzi zuen epaiketa hark euskal jendartearen parte handi batean, eta mugarri bat ere suposatu zuen, bereziki Euskal Herrian auziperatuekiko piztu zen elkartasunagatik baina baita “dena ETA da” teoriaren hastapena izan zelako ere.
Zenbaki horien atzean pertsonak zeuden, eta pertsona horien barruan bizipenak, sentimenduak eta sufrimendua. Horiek guztiak ekarri ditugu gaur gogora Teresa Toda, Jose Luis Elkoro eta Iker Bizkaguenagarekin izandako solasaldian.
“Antzerki” makabro bat
Jose Luis Ekorok “antzerki bat bezala” oroitzen du Madrilgo Casa de Campon bizitutako guztia. Ametsetik baino ametsgaiztotik gehiago duen antzerkia. Asko dira elkarrizketan zehar Elkorori burura datozkion oroitzapenak, baina horietako bat nabarmentzen du berak, EGINen historia kontatzen hasi zenekoa, hain zuzen: “EGINen historia kontatzen hasi nintzen, baina bost minutura Angela Murillo epaileak modu txarrean eta errespetu falta handiarekin moztu zuen nere hitzartzea. Une horretan auziperatu guztiak gure ahulkietatik altxa eta protesta egin genuen. Protesta horren ondorioz, Murillok egun horretako saioa bertan behea utzi zuen”. Horrelako uneak etengabeak izan ziren makrosumarioak iraun zituen 16 hilabeteetan zehar.
Askatasuna berreskuratu berri Jose Luis Elkorori egin genion elkarrizketa:
Antzeko iritzia edo sentsazioa du ere Teresa Todak 18/98 epaiketaz. Bere hitzetan, “akusatuen ahulkian eseri aurretik gure kontrako epaia erabakita zegoen” eta gaineratu du, Baltasar Garzonek EGIN egunkaria itxi zuenetik argi zuela “lehenago edo beranduago” espetxean amaituko zuela. Halere, Todak auziperatuen artean sortu zen harremana eta piztu zen elkartasuna nabarmentzen ditu edozeren gainetik. Izan ere, “auziperatuak oso jatorri desberdineko jendea izan arren, elkarrekin ekimen eta ekintza bateratu pila bat egiteko gai izan ginen” nabarmendu du.
Askatasuna berreskuratu berri Teresa Todari egin genion elkarrizketa.
Esperientzia gazi-gozoa
Iker Bizkarguenagak ere oroitzapen asko eta bereziak ditu, oso gazte zelarik egin baitzuen 18/98 makrosumarioaren jarraipena Madrildik. Kazetari bezala lanean aritu zen arren, alde humanoak leku berezia du bere gometu horietan, “oso erlazio estua eta berezia sortu zelako nire eta auziperatuen artean”. Eta normala da, bera izan zelako epaiketa hasieratik bukaerara arte jarraitu zuen kazetari bakarra. Horregatik, “bertigo handia” sentitu zuela kontatu digu Bizkarguenagak, izan ere, “epaikateran tamaina ikusita askok Burgoseko Auziaren tankera hartzen genion. Horren lekukotasuna eman beharrak hotzikarak eta urduritasuna eragiten zizkidan”.
Halere, ikuspegi profesional batetik begiratuta “esperientzia gazi-gozoa” izan zen 18/98 epaiketa GARAko kazetariarentzat. Gozoa “gertakizun historiko larri baten berri ematen ari nintzelako” eta gazia, “hedabide asko falta zirelako eta ez zirelako ari gertatzen ari zenaren berri ematen”. Alde humanotik berriz, argi-ilunak egonagatik ere, oroitzapen ederrak ditu Bizkarguenagak. Adibidez, auziperatuekin konpartitu zituen momentuak “altxor baten moduan” gordetzen dituela kontatzen du kazetariak.
Hauxe Iker Bizkarguenagak berak, 18/98 epaiketa amaitu berritan idatzi zuen kronika
Mugarri bat
18/98 epaiketak politikoki suposatu zuenari buruz galdetuta, hirurak bat datoz Estatuak bere helburuak ez zituela bete azpimarratzerakoan. Elkororen esanetan, “makrosumario horrekin Estatuaren helburua ezker abertzalearekin akabatzea zen, baina ez zuten lortu. Egia da egunkari bat itxi zigutela, baina EGINek jarraipena izan zuen. Gu desagerraraztea nahi zuten, baina ez zuten lortu”. Horren harira, Elkorok EGINen itxieran EAJk izan zuen jarrera ere kritikatu du, bere ustez “EAJren babesik gabe” Aznarrek ez baitzuen EGIN itxiko.
Iker Bizkarguenagaren iritziz, “Estatuak mugimendo oso baten ibilbidea eta lana epaitu nahi izan zituen. Estatu operazio bat izan zen eta ondorio humanoak oso larriak izan ziren, baina uste dut politikoki ez zituela bere helburuak bete”. Bizkaguenagaren arabera, 18/98 epaiketak “mugarri bat” suposatu zuen Euskal Herrian, “hortik aurrera euskal jendartearen jarrera eta Estatuarekiko ikuspegia asko aldatu zelako. Estatuaren itxura asko okertu zen eta horrelako erasoaldiei herri bezala erantzuteko lehen oinarria jarri zen”.
Teresa Todak azkenik, bidean geratu direnak oroituz amaitu du bere hitzartzea. Izan ere, 18/98 makrosumarioaren “kostu humanoa oso altua izan zen, eta da”. Asko izan ziren prozesu osoan zehar ikaragarri sufritu zutenak, gaixotu zirenak eta baita hil zirenak ere. Adibiderik gordinena Jokin Gorostidirena izan zen. Tolosako ezker abertzaleko militante historikoa 2006an, 18/98 sumarioan deklaratzeko hiru egun falta zituela, Deba eta Donostia arteko trenean bihotzekoak jota hil zen. 30 urte lehenago Burgoseko Auzian epaitu zuten Gorostidi eta horregatik, 18/98 epaiketak suposatu zuenaren sinbolotzat hartu zuen batek baino gehiagok. Iñigo Iruin abokatuak berak, Gorostidik idatziriko parrafo bat baliatu zuen 18/98 epaiketan egin zuen azken hitzartzean. Hauxe, Jokin Gorostidiren hitzak:
«1970 urtean, ‘Burgosko Prozesua’. 31/69 Sumarisimoan bi heriotz zigor jaso nituen. 2005 urtean berriz, 18/98 auzian. Atzo eta gaur, Espainiako Estatu-gerraren estrategiak bahitua. Euskal Herriak hitza eta erabakia behar du, eta hori lortu arte ez gaituzte isilduko. Utzi bakean Euskal Herria! Atzo, gaur eta beti: Gora Euskal Herria askatuta!».
Hemen, argazkiak, 18/98 -ko auzipetu guztiak.
Telesforo Monzonen etxea
Elkarrizketa egiteko leku esanguratsu bezain ederra hautatu dugu, Bergarako Olaso Jauregia, Telesforo Monzonen etxea. Leku honetan grabatu genuen Info7 Irratiko lankideok 2016-2017 ikasturtea iragartzeko spota: