#Info7AgurBira Elkartasuna "zubi-harresi" bihurtu zenekoa

Ondarroako 'zubi-harresian' desobedientzia eta elkartasuna batu ziren. Erdian, jendez babestuta, berriz, Urtza Alkorta ondarroarra. Bost egun zirraragarri horietan gertatu zena zuzenean kontatu genizuen Info7 Irratian eta, gaur, bost urte beranduago 'elkartasun harresi' hori eraiki zen leku berera itzuli gara Urtzarekin hitz egiteko eta orduko hartan gertaturikoak oroitzeko. «Egun horietan bizitutakoaren ondorioz, nik uste nuena baino bihotz gehiagotara iritsi nintzen. Ekarrizketa hau probestu nahiko nuke bihotz horiei guztiei benetako eskerrak helarazteko»

Loading player...
|07/12/2018 19:27
Loading player...

2010ean atxilotu zuten Urtza Alkorta Lea-Artibai eskualdeko beste hainbat pertsonekin batera. Inkomunikazioak iraun zuen bitartean Ertzaintzaren partetik sufrituriko torturak salatu zituen ondarroarrak, Info7 Irratian bildu genuen bere testigantza.

Baldintzapeko askatasuna berreskuratu zuen gerora, harik eta 2013ko apirilaren 8an kartzelara sartzeko agindua jaso zuen arte. Beste makina bat euskal herritarrei gertatu bezala, bere kontrako froga bakarrak torturapean eskuraturiko testigantzak izan arren, Espainiako Auzitegi Gorenak aurretik ezarritako bost kartzela-zigorra berretsi zuen.

Ondarroarrak ordea, desobedientziaren aldeko hautua egina zuen eta sare-sozialetan zabalduriko bideo baten biez herri-harresia antolatzeko deia egin zuen 2013ko maiatzaren 8an. "Herri Harresia"ren desobedientzia ereduak bazuen aurrekaririk, herritarrek ekidin zuten Aurore Martin Batasunako kidea Baionan atxilotzea, baina eredu hori gorpuztu eta indartu egin zen Donostiako 9 gazteekin, han sortu zen lehen Aske Gunea.

Inflexio puntua izan ziren Askegune eta Herri Harresiak. Gertatutakoa gogoratu dugu ere Donostiako Boulevarrean hazia jarri zen lekuan hainbat protagonistekin. Hemen entzun dezakezue elkarrizketa.

Desobedientzia eta elkartasuna

Donostian erein zen hazia loratu zen beste herrietan ere, inork gutxik espero zuen Donostiakoa errepikatzea. Baina hala gertatu zen Ondarroan. Donostiako Herri Harresia "Zubi-Harresi" bilakatu zen, Urtza Alkorta babesteko helburuz.

Urtza Alkortak behin betiko  zigorra jaso eta bere kontrako espetxeratze agindua jaso ostean, bere burua polizia-etxera ez aurkezteko egindako hautuaz galdetu diogu Alkortari eta berehala erantzun du: «Nik argi nuen ez nintzela espetxera nere kabuz joango, ez nintzela espetxe atarian motxila soinean nuela aukeztuko». Desobedientziaren aldeko hautua beraz, argi zuen Alkortak, nahiz eta, gerora sortuko zen «elkartasun harresi» hura ezin zezakeen orduan imajinatu ere egin.

Izan ere, Ondarroako Alamedan bost egunez piztu zen elkartasun mugimendu hark aztarna sakona utzi du Urtzarengan. Elkarrizketan aitortzen digun moduan: «Ez dakit bizitzak emango didan aukera  egun horietan babesa eta maitasuna adierazi zidaten guztiei eskerrak emateko». Hain zuzen, elkartasun horren erakusle dira elkarrizketara batu diren Pili Urruzuno eta Eli Osa ondarroarrak. Biak buru-belarri lanean aritu ziren 'zubi-harresiak' iraun zuen bitartean eta noski, haien testigantza ere jaso nahi izan dugu gaurkoan.

Elkarrizketa amaitu aurretik, Urtza Alkortaren aldeko elkartasun mezuak biltzen dituen audio nahasketa bat entzun nahi izan dugu ondarroarrarekin eta hauek izan dira bere azken hitzak; «Egun horietan bizitutakoaren ondorioz, nik uste nuen baino bihotz gehiagotara iritsi nintzen, bai ni eta baita Ondarroa ere. Zoritxarrez ez naiz heldu bihotz guzti horietara. Horregatik, elkarrizketa hau probestu nahiko nuke bihotz horiei guztiei benetako eskerrak helerazteko».

NOTICIAS RELACIONADAS