Hau guztia, agian, txikikeriaz jo dezake baten batek baina txikikeria horrek erakusten du musikariaren aldetik nagusikeria. Zergatik pentsatu behar du musikariak txalotuko dutela kantua bukatu baino lehenago? Nire ohitura da zuzenekoa bukatu ondoren nire eskertza adieraztea, eta bisak baleude haien ondoren ere bai txalotzea musika eta musikariak.
Kontu semantiko bat. Musikariak euskaraz eskerrak emateko esamolde asko ditu: eskerrik asko, eskerrik anitz, mila esker, esker mila, esker anitz, milesker. Kalean indar izugarria hartzen ari da "eskerrik" hitz soila esatea. Ez da adin kontua, nahiz eta gazteenen artean zabalduegi dagoen. Gaztelaniazko “muchas gracias” hitzen itzulpena da. Muchas hitza kenduta garbiago ulertuko duzue. "Eskerrik asko"-ri "asko" kendu eta gracias hitzaren parekide dela pentsatu du jendeak. Gero eta kantari gehiago ari dira "eskerrik" gordinarekin babesa eskertzen kantuen bukaeran. Usurbilgo Labrit kantariak Eskerrak abestian "eskerrik" erabiltzen du etengabe hurbilekoei eskerrak emateko baina liburuxkan zuzen dago idatzita.