Ainhoa

Munduko preso politikoak kalera!

Apirilaren 17a dugu Preso Politikoen Nazioarteko eguna, duela urte batzuetatik. Ordutik, munduko herri iraultzaileekin batera, preso politikoen askatasuna aldarrikatzen gabiltza, aho batez. Argi dugulako jazarle beraren aurrean oldartu behar garela, eta preso politiko izateak zentzu bat eta bakarra duela: sistema kapitalista inperialistaren aurkako borroka.

Audio_placeholder

Munduko preso politikoak kalera!

Loading player...
ASKAPENA TALAIATIK
ASKAPENA TALAIATIK

Euskal Herrian ehunka preso politiko ditugu, askapen nazional zein sozialaren alde borroka egiteagatik atxilotu dituztenak, baina mundu osoan dira barreiatuta preso kideak, kapitalaren aurkako borrokagatik espetxeratuak. Eta ez, ez da laburra, zerrenda. Baina jar dezagun begirada Europan, inguruko preso politikoetan. Kapitalaren Europa da preso politikoak sortzen eta erreproduzitzen dituena, herri langileon Europa eraiki nahi duen oro isilarazten eta jazartzen duena, bere gailentasuna kolokan jar dezakeen mugimendu oro kontrolatzen saiatuko dena. Subordinatu nahi gaituzte, menpeko, eta burujabetza nahi dugunok gara jomuga, sistemak horretarako eraikitako kartzelak betetzen jarraituko dugunak. Gezurra da Europar Batasunak saltzen duen demokrazia, askatasuna eta kidetasuna. Demokraziak ez dakar jazarpena, ezta autodeterminazio eskubideen ukapena ere. Kidetasunak ez datza esplotazioan, ez datza faxismoan eta ez datza baliabideen ebaspen eta sakeoan. Kidetasuna elkartasun internazionalista da, eta horrek ez du tokirik Europar Batasunean. Horregatik egin behar dugu borroka, tokian tokitik, dominazio-egitura horien aurka, beste mundu bat eraikitzeko eta burujabetzan, parekidetasunean eta elkartasunean oinarritutako sozialismora gerturatzeko.

Ez ditut keinurik egin gabe utzi nahi munduko preso politikoak: palestinarrak, kurduak, sahararrak, kolonbiarrak… baina, geure etxekoez gain, ezta gertuago ditugun asko ere, Galiziako borrokalari independentista sozialistak, Andaluziako nekazariak, gaztelar komuneroak, Herrialde Katalan sozialista eta feministaren alde herria astintzen dabiltzanak eta, nola ez, faxismoaren aurka borrokan ari diren beste guztiak, batean eta bestean. Euskal Herria dugu joko-zelai, norbere herria askatzetik askatuko da herri langilea, bere osotasunean. Beraz, gaurkoan nazioarteko preso politiko guztiei keinu berezia egin nahi izan arren, Euskal Herriko preso politikoen askatasunaren aldeko borrokan jarraitzeko deia ere zabaldu nahi dugu, hori baita egin dezakegun ekarpenik esanguratsuenetako bat. Egia da preso politikoen existentzia hutsa, kapitala eraisteko dugun konpromisoaren erakusle dela, baina urratsez urrats, hustuko ditugu kartzelak, eta eraitsiko ditugu, beste oinarri batzuetatik abiatuko den gizarte bat eraikitzeko.

Beraz, jarrai dezagun sistema kapitalista inperialistaren aurka antolatzen eta preso politikoen aldeko borrokak errotzen, etorkizuna eraikitzen jarraitu ahal izateko kalean izan ditzagun. Munduko preso politikoak kalera!