Ritxi Aizpuru

Musikaren bertsolariak

Ez da datu zientifikoa, ez du medikuntzaren eta ikertzaileen oinarririk. Baina datu enpiriko eta pragmatikoa da Andoni Egañak esan ziguna lagunarteko elkarrizketan: alzheimerrak ez du bidea egiten bertsolarien gorputzetan. Alzheimerra oroimenaren galtze larria denez eta baita neuronaren endekapenezko gaixotasuna ere, buruaren estimulazioak eta ariketak baliagarriak dira dementziari puntuaren harresia eraikitzeko.

Audio_placeholder

Musikaren bertsolariak

Loading player...
Talaiatik Ritxi Aizpuru
Talaiatik Ritxi Aizpuru

Bertsolariek ez dute espresuki memoria lantzen baizik eta buruaren azkartasuna erabiltzen dute hitzak mingainera eramateko, errimak aurkitzeko, hausnartutako esaldiak lotzeko modu koherentean potorik egin gabe.

Oroimena sortzen duen hipokanpoa indartuta eta abiadura emanda ahalbidetzen da sistema immunologikoa alzheimerraren aurka, kontrakoa frogatzen ez den bitartean. Baina buruak ezin du beti ahokatu edo doitu biribilki ahotsak esango duena. Batzuetan bertsolariak ere trabatu egiten dira eta hitz baten bukaeran sartzen zaie hurrengo hitzaren hasiera. Azkartasuna eta abiaduraren arazoak dira horiek, dislexia zertzeladekin nahastuta. Bertsolariak ez garenoi ere pasatzen zaigu, sarri. Andoni Egañak alzheimerraz ezagutza enpirikoa du, ez dago ezkutuko propagandarik denok bertsolari bihurtzeko. Musikari asko hil dira alzheimerrak jota. Baina Egañari aipatu nionean badirela plaza taldeetako musikariak inolako partiturarik gabe gai direnak buruz 200 kantu abesteko, harritu egin zen. Musikariak errepikatu egiten du, bertsolariak unean bertan sortu. Biak dira txundigarriak.