Berria egunkarian idatzitako testu batean, Oier Araolazak ahaztura horren motibo nagusitzat jo zuen Arregi emakumea izatea. Maila horretako artista bat gizona izanez gero aitortzarik ez izatea ia ezinezkotzat jo zuen. Ageriko ebidentzia baten aurrean gauden neurrian, ez dago Araolazaren hitzei ezer gehitzerik.
Emakumea zen Marian Arregi. Inkontzientetik gutxiesten dugun herri-kultura zuzeneko transmisio bidez jaso, eta artez onduta eman zigun emakumea. Eta nekez aitortuko diogu balioa gutxiesten dugun kultura bateko emakumeari.
Neurri handi batean, kultura anglosaxoiaren eraginetik berritzen dugu, ustez, gure herri-kultura, delako normalizazio baten izenean. Akaso, egungo munduko kultura hegemonikoaren buruan dauden Ameriketako Estatu Batuei ikasi behar dieguna ez dago edukietan, jarreran baizik.
Estatubatuarrek harro zaintzen eta aldarrikatzen dute haien herri-kultura. Kultura bizia da haiena. Horren adibide garbia dugu Nina Simone. Beltza eta emakumea izanagatik, eta egoera latzak pasa izanagatik, estatubatuar artista handi gisa aitortza handia dauka. Zoragarria zen Nina Simone, estatubatuar herri-musikaren dama handietako bat.
Sentimenen iragazkitik pasatzen dena memorian iltzatzen zaigu. Memorian gordetzen dugunari balioa ematen diogu, eta balioaren aitortzarekin eraikitzen dugu gure ondarea. Transmisioz jasotako ondare bizi horrekin berreraikitzen dugu gure nortasuna, hala indibiduala, nola kolektiboa. Eta nortasun kolektibo hori da gure komunitatearen oinarria.
Horregatik zein hain berezia Marian Arregi: inoiz entzun gabeko doinu bat lehen aldiz jo eta entzuleak propio gisa identifikarazteko gaitasuna zuen; edota, hamaika aldiz entzundako melodia zahar bat inguruko denak dantzan jartzeko moduan biziberritzekoa.
Zoragarria zen Marian Arregi, euskal herri-musikaren dama handietako bat.