Herri mugimenduen kanpaina polit baten ostean, Udalak kendu egin du, auzoan antolatutako festa polit batek inguratuta eta munduko herriekin justizia eginez.
Albiste hau entzun berritan, nire inguruko estatua eta omenaldiak datozkit burura. Gure kaleetan, zein dira gure erreferenteak?
Ni donostiarra izanik, lehen pentsamentuan estatua bat nabarmenduz beste guztien gainetik,, Urgull mendiko Jesukristo erraldoia datorkit burura, kapera eta guzti ia 30 metroko bitxoa. Pedro Muguruza arkitektoak egin zuen, frankisten el Valle de los Caidos egin zuen berberak... 1950. urtean jarri zuten.
Nahiz eta herritarren parte batentzat balore espirituala izan dezakeen, ez dugu lotsarik izan behar argi uzteko frankismo betean jarri zutela, garai hartako erregimen politikoari eta pentsamentu erlijioso ofizialari erantzunez.
Imajinatu frankismoaren aurkako guda borrokatu eta galdu zuten donostiarrak nola sentitu behar ziren hiriaren alde guztietatik ikusten zutenean, lurraldea markatzeko era sinbolikoan jarria. Jakin nahi nuke zenbat milaka lagun gauden hori hortik kentzearen alde.
Halere, badira gehiago. Ondarretako lorategietan Maria Cristina Espainiako erreginaren estatua jarri zuten frankismoan, 1942an. Baita Amarako parkean ere... nahiz eta, egiari zor, estatua honek gora behera handiak izan dituen, maiz hautsi izan baitiote burua eta ibaira bota mespretxu gisa.
Eta estatua askoz gehiago dauden arren, Donostiako Udalaren turismo sailak egindako katalogo batean aipatzen diren “Gipuzkoar unibertsalek” zer pentsatua ematen dute. Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan gela bat beren omenez, harriz eginak dituzte beren aurpegiak Aldundiaren eraikineko fatxadan. Eta nor dira izen absolutu hori hartu duten “Gipuzkoar unibertsalak”? Bost gizon hauek dira: Juan Sebastian Elkano, Miguel de Legazpi, Andres Urdaneta, Blas de Lezo eta Antonio Okendo.
Historia beti da gai arantzatsua, eta are gehiago ez bada ariketa kritiko kolektiborik egiten. Ba al dakizkigu egia absolutuez gain, pertsona hauek munduko herrietan egin zituztenak?
Elkanok munduari buelta eman zion, ados, baina lehendik Argelen egindako espedizio militarretan parte hartu zuen Francisco Jiménez de Cisneros inkisidorearekin batera eta kalkulatzen da han 20.000 lagun hil zituztela. Gero, Magallanesekin bidaia abiatzean, bateko eta besteko emakumeak esklabu sexual gisa bahitu eta bortxatzen zituzten garaiko dokumentuetan interpreta daitekeenez. Magallanesek, adibidez, iristen ziren portuetan esklabuen artetik bi emakume hautatzean lehentasuna zuen. Imajinatu zertarako. Magallanes hil zenean, Elkano eta beste itsasgizonek egin zituztenak xehe ikertzeak mahai gainean jarriko luke erasotzaile matxista bat daukagula gure historiako pertsona ohoratu eta eztabaidaezinen postuan. Ea zer egiten dugun 2019an 500 urte betetzen direnean beren espedizioa abiatu zela oroitzeko, eta 2022an amaiera emateko.
Gipuzkoako Aldundiaren fatxadan bigarrena Miguel de Legazpi da, Filipinak Espainiako Erregeari oparitu omen zizkion militarra. Hirugarrena, Andres Urdaneta kosmografoa, apaiza eta itsasgizona. Laugarrena Blas de Lezo da, Wikipedian irakur dezakegunez, “militarra eta Espainiako Itsas Armadak inoiz izan duen estratega eta buruzagi handienetakoa”. Eta bosgarrena, Antonio Okendo Espainiako Errege Armadako almirante generala. Gipuzkoar unibertsalak dira bost gizon, gehienak militarrak, Espainiako inperioaren alde egindako lana sarituz izendapen hori jasoak. Esklabismoaren urrezko aroan munduan barrena ibilitako pertsonak. Egitan, 2018. urtean ez gaude gure iragana era kritiko batean berrirakurtzeko prest?
Normala da emakume gipuzkoarrik ez egotea top bost horretan? Bat, eta kontsentsu zabalekoa izan daitekeen bat proposatzearren, klandestinitatean ikastolen sortzaile izandako Elvira Zipitriak hor egotea merezi lukeela iruditzen zait.
Bartzelonan, hasieran aipatu dugun Antono Lopezen plazari izena aldatu eta Idrissa Dialio izena jartzeko kanpaina egiten ari dira. Idrisa, Bartzelonako atzerritarrentzako egindako espetxe batean 2012an hil zen emakume ginearra zen.
Agian guk ere estatua bat egin behar genieke Elkano eta enparauek hil zituztenei. Barkamena eskatzen hasteko modu zintzoa izan liteke.