Edota edozein erakunde publikoetan gizabanakoaren askatasun murriztuaren defentsa itxuragilea. Baina itxurari begiratuta, nola egotzi tamalgarritasuna hain borondate itxurosoarekin agertzen direnean aurpegia ematera? Itxurak eltze handi eta betetik jaten du. Beti itxuroso. Itxura itxuragabeki erabiltzen dute hizkuntza menderatzailearen eskubideen aldarrikatzaileek, eta beraz, euskara bezalako hizkuntza gutxituak erabiltzen ditugunak matrailekoz matrailekora goaz eguneroko bizitzan, ezinezkoa zaigula arnas hartzea euskaraz.
Hainbat ahots altxatu dira esanez euskal telebista publikoak ez duela proiekturik. Ezta euskararen proiekturik ere. Itziar Ituñok, "Gaztezulo"-n, argi esan du, baita Josu Amezagak Behategiko urtekarian. Noiz erabiliko du ETB2 kateak Euskal Herriko mapa soziolinguistikoaren biztanleen araberako euskara kuota? Gaztea irratian euskal abestien kopurua %20tik gorakoa omen da. Euskalerria irratiko saio arruntetan %60 omen da. Euskaraz ari dira bi irratietan. Oso tamalgarria da euskararen erabilerarik eza komunikabide askotan, pozgarria litzateke erabilera ehunekoa edo kuota ezarriko balitzaie. Bestela, zertarako behar dugu euskaldunik gabeko Euskal Herria?