CNTk greba babesten du. Hezkuntza publikoan lan egiten dugunok ondo baino hobeto ezagutzen dugu honen gainbehera. Ikastetxe publikoetan kalitatezko hezkuntza eskaintzea gero eta zailagoa da. Honek erantzule zuzen bat du: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.
Gurasoek, honen jakitun eta euren seme-alabentzat onena nahi dutelarik, aukeraketa egin dute. Gutxi gora behera erdia publikora eta beste erdia pribatura doa. Hala ere, ezaguna da askok pribatua ordaindu ezin dutela, eta horren ondorioz publikora bidaltzen dituztela. Argi dago: euskal gizarteak hezkuntza publikoa txarragoa dela uste du.
Zergatik gertatzen da hau? Hezkuntza kalitatea baldintzatzen duen ezaugarrietariko bat segregazioa da. Ezinezkoa da kalitate bera eskaintzea oso egoera sozio-ekonomiko eta kultural ezberdina dituzten taldeei. Faktore hau funtsezkoa da gatazkaren bi aurpegiak ikusteko: lan gatazka, Eusko Jaurlaritzaren eta langileon artekoa alde batetik; eta klase gatazka bestetik. Lan gatazkan eskakizunak ezagunak dira jada.
Klase gatazkari buruz mintzo gaitezen. Ikasleria ez da era homogeneoan banatzen publiko eta pribatuaren artean. Banaketa horretan klase ezaugarria da garrantzitsuenetarikoa. Maila ekonomikoaren araberako segregazioa eta ustezko hezkuntza kalitate ezberdintasuna nahasten baditugu ez dugu ezer onik lortuko. Klase ezberdintasunak areagotuz diskriminazioa eta, limiteko hainbat kasutan, kriminalizazioa ere bultzatzen ari dira.
Beraz, kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko, aldarrikatu beharreko lehenengo gauza ikasleen segregazioa diru publikoarekin finantzatzeari uztea da.
Hamaika arrazoiak direla eta, klase gatazka barne, martxoaren 14an eta 15ean CNTk sektoreko langileekin izango da.