Euskal Herrian ere oso garrantsitzua izan zen 1968a, Txabi Etxebarrieta Benta Haundin erail zuten urtea. Euskal matxinada abian zegoen eta protesta eta borroka jarduereetan ez ezik ideien munduan ere aldaketa handiak gertatzen ari ziren. Urte horietan gorpuztu zen ezkerreko abertzaletasuna, espainiar eskalako ezkerra eta jeltzaleekiko hausturen bidez. Ezker abertzaleak bi tradizio horietatik hartzen zuen zerbait, nolabait esateko, baina mugimendu berria zen eta interes handiaz egiten zien so munduko beste askapen borrokei, kolonialismoaren aurkako altxamenduei, bereziki.
Euskal Herrian klase borrokak nazio askapenaren forma hartzen du. Hala formulatzen zen ezker abertzalearen hipotesia estrategiko nagusia. Askotan hitz egin da txanpon baten bi aldeei buruz, auzi nazionala eta sozialaren arteko lotura adierazteko. Orohar, aipatu hipotesiak gorde du bere indarra, urteak iragan arren. Jendarte aldaketaren bidea herri gisako askapenetik pasatzen da gurean, orain ere. Burujabetzaren egitasmoak uztartzen ditu borroka ezberdinak zerumuga integratzailea gorpuztuz, taldekeriak eta identitate politiken bertsio batzuen joera zatitzaileei aurre egiteko aukerak eskainiz.
Ene gaurko gogoeta hipotesia hori pentsatzeko moldearen ingurukoa da. Izan ere, txanponaren metaforak bi auzien uztarketa islatzen du, nolabait biak ala biak ezberdinak direla irudikatuz. Hala da, berriz? Ematen da noizbait auzi nazionala jendarte borroketatik at? Badago nonbait jendarte auzirik nazio auzietatik erabat at? Esparru teorikoan erraza da bizi garen mundua analitikoki zatikatzea, mailak bereziz. Beharrezkoa ere bada, errealitatearen orokortasuna aintzat hartzea zaila baita. Afera da azterketa errazteko baliatzen ditugun kontzeptualizazioek bere bidea egiten dutela, gure begirada baldintzatuz.
Joan den astean espainiar Tribunal Konstituzionalak Nafarroako Parlamentuak erabakitako osasun zerbitzuaren ezaugarripen unibertsala ukatu du, espainiar legeekin bat ez datorrelakoan. Erabaki esparrua dago kolokan lehia honetan eta horri normalki nazio auzia deitzen zaio. Espainiako Erresuma estatua da eta Nafarroa bere menpeko Komunitatea Autonomoa. Horregatik Espainiak ezartzen dizkio joku arauak Nafarroari. Lehiaren edukia, berriz, jendarte afera argia da, zerbitzu publikoen ezaugarripenaz lotutakoa. Nola bereizi kasu honetan non hasten den nazio auzia eta non jendarte auzia?
Agian kategoria hauek ez dute balio errealitateari so egiteko. Garai batean, nortasun politiko berria sortu zelarik, beste tradizioekiko haustura eta jarraipenak agerian uzteko ulergarria zen nazio eta jendarte auziak bereiztea, biak uztartzeko bazen ere. Orain, berriz, ikusten dugu bereizketa nazio auzia jendarte arazoetatik kanpo kokatzeko baliatzen dela, batez ere. Beti egin dute hori batzuek, egia esan, baina neoliberalismoaren garai hauetan naziotasunaren kontua isolamenduaren terminoetan hartzen duten sozialaren inguruko diskurtsoak ugaltzen dira.
Esaterako, Podemosek aldarrikatu du azken asteotan auzi sozialari lehentasun osoa emanen diola, Kataluniako prozesu soberanistatik nahiz espainiar estatuaren ofentsiba birzentralizatzailetik urrun jartzeko edo. Juan Carlos Monederok hitz egin du behin baino gehiagotan ensimismamiento nazionalistaz, bere terminologiaren literaltasuna gordetzeko. Haien kezkak jendearen bizi eta lan baldintazk direlarik, gu identitate eta nazioaren kontuetan korapilaturik gabiltza, galdurik, edo. Beren nazionalismoa ukatzen dutenen ohiko jarrera da hau, sozialaren defentsaren mozorroa hartzen duena.
Gure garaiko erronken aurreko erantzun egokiak behar ditu gure garaiko soberanismoak, eta horretarako baliogarriak diren kategoriak erabili eta hedatu behar ditu. Konturatu gabe, soziala eta nazionalaren arteko fragmentazioaren terminoetan pentsatzen dugu askotan, gure asmoa oso bestelakoa bada ere. Burujabetzaren aldarrikapena jendarte eraldaketa aurrekoiaren gakoa da Euskal Herrian aipatu Tribunal espainiarraren erabakiek erakusten dutenez, baina jende asko beste marko kognitiboetan kokatuta dago eta honek ahalegin bereziak eskatzen dizkigu. Asmatzea ez da erraza izanen, baina saiatzea derrigorrezkoa da askapen egitasmoa aurrera eramateko, zalantzarik gabe.