Oier Gorosabel

Ondarrutarrarena

Ez da egongo sare sozialetan dabilen euskaldunik, duela egun batzuk izandako ikamikaren berririk izan ez duenik. Martinez izeneko futbolari bat Athletiketik Errealera joan da, edo horrelako zerbait, eta horren kontura komunikatu bat atera du elebitan: gazteleraz eta... ondarrutarrez. Euskarazko bertsioa batuaz egin ez izanak hautsak harrotu ditu, asko harrotu ere: aldeko eta kontrakoen iritzien artean irain larriak irakurri ditut, eta honek erakutsi du euskalkia/batua eztabaida gainditu gabe dagoela jende askoren baitan. Animoak baretu arte itxarotea nahiago izan dut, ondorioak bildu aurretik; esan beharra dago ondorio hauetatik asko ez ditudala neuk atera; txiolandiako egile ugariri ohostutakoak dira. Denak aipatzea ezinezkoa denez, denei eskerrak blokean eman beharko.

Audio_placeholder

Ondarrutarrarena

Loading player...
oier gorosabel talaiatik
oier gorosabel talaiatik

Hasteko, esan behar dut nik, Martinezen lekuan, komunikatua batuaz idatzi izango nukeela, nire hizkera menperatzen ez dutenak gogoan. Nik argi dut batua eta euskalkia ez direla kontrajarriak, baizik eta osagarriak, eta bakoitzak bere erabilera eremua duela. Are: ausartuko nintzateke esatera euskaldunon %90ak bat egiten dugula iritzi honekin. Esango nuke gainontzeko %10a izan dela eztabaida gaiztotu duena, euskalkia vs. batua terminoetan planteatuz eta “kontrarioak” gutxietsiz eta irainduz.

Esan da, adibidez, hizkuntza bizia (zorioneko “gatz eta piperra”) euskalkietan bakarrik aurki daitekeela, batuaren artifizialtasunean barik. Hau, kirtenkeria handia izateaz gain, gezurra da. Ezin da ukatu pertsona asko erosoago sentitzen direla euskalkian, batuan baino; baina gaur egunean badira batua hizkera naturala dutenik ere. Horrela hazi direlako, edo gerora ikasi dutelako, berdin da: batuan aritzen direnean, euskalkidunen espresibitate maila bera dute, edo handiagoa.

Bai: errejistro batean, bestean edo bietan eroso edo deseroso ibiltzearena ez da hizkeraren berezko arazoa; hiztunarena baino. Horregatik, batuaz moldatzen ez den jendea aurkitzeak ez luke horrelako kataklismorik sortu behar. Izan ere, kritika batzuk irakurrita kontrakoa badirudi ere, inork ez du zalantzan jarri errejistro estandarraren papera, euskararen beraren biziraupenarendako gako nagusietakoa dena.

Euskalkian idazten dugunok analfabetoak garela ere irakurri behar izan dugu.  Hau iraintzeko asmo argiarekin izan da, noski; izan ere, euskaraz alfabetatu ez garenok ere badakigu irakurtzen eta idazten. Hau horrela izanda, egia da euskaraz alfabetatu gabea izatea (ni neu bezala) desabantaila dela; nik, atzean zuzentzailerik ez badut, kristoren hankasartzeak egiten ditut (hori idatziz, eze, ahoz ez naiz gai euskara batuz berba egiteko). Egoera hau ez da nire gustukoa, bistan da; ez naiz ezjakintasunaren apologia egiteko zale. Halere, errespetu pixka bat eskatuko nuke nire kasuan dauden milaka euskaldunondako; gu analfabetotzat hartzea ez da, ez, elkar ulermenerako abiapunturik onena.

Kontuan hartu behar da, gainera, euskalkia modu normalizatuan idatzi nahi duenak autohezkuntza esfortzu gehigarria egin behar izaten duela, ikasteko dauden baliabide urriak direla eta. Zentzu horretan, ezin da parekatu, sare sozialetan ultrabatuzaleek egin bezala, euskalkian idaztea, eta erdaraz akats ortografikoekin idaztea.

Dena dela, badakizue txarrena zer den? Gipuzkeradun asko ez direla konsziente izaten, batueraz beharko lukeen lekuan, “ai gea”, “ingo deu” eta horrelakoak sartzen dituztenean. Hor ditugu umorea lantzen duten telebista saioak, edo “Handia” pelikula famatua. Hauek euskaldun guztiei zuzendutako ekoizpenak izan arren, ez dut inolako protestarik entzun haietan erabiltzen den euskalkiari buruz. Erdarakadak ere aipatu ditzakegu: Martinezek “pertsonalmente” hitza erabili duelako makina bat txantxa irakurri ditut; ez dut horrelakorik entzuten, ostera, labeldun euskaldunek “portzierto” jasangaitza txitean-pitean erabiltzen dutenean. Alegia: “pekatu” berberak errazago barkatzen zaizkio erdiguneko euskalkidunari, periferiakoari baino. Baina ez nahastu: ni ez nago horrelako guztiak jazartzearen alde! Kontrara: nahiago nuke erdiguneko euskalkiaren aurrean dagoen malgutasun hori berori, denondako hedatuko balitz.

Eta euskararen etorkizunari buruz, gogoratu aniztasuna ez dela batasunaren kalterako; eta etsaia ez dagoela “prezisamente” euskalkian edo batuan aritzen direnen artean.