Lekukotasun asko hunkigarriak dira (egokiago litzateke iraingarriak esatea); halere, inpresio handiena Maite Bidarte irratikidearenak egin dit. Maitek artikulu batean kontatu du bere esperientzia (“Nik ere sufritu dut indarkeria matxista” du izenburua) Inpresioa, bistan da, handiagoa izan da biktima ezaguna dudalako; baina baita nire bizitzan behin eta berriz bizi izandako zenbait egoera bere gordinean erakutsi dizkidalako.
Besteek egindakoak –lagunak, ezezagunak, parranda giroan batez ere- ezin konta ahalakoak dira; arruntak izatearengatik, gehienak oharkabean pasatu izan zaizkit eta gaur egunean ez nintzateke gogoratzeko gai izango. Ostera, ez zait berdin gertatzen nik neuk zuzenean parte hartutakoekin: nire oroimenaren zoko batean gorde izan ditut, ez harro baina ezta lotsatuta ere (esandako moduan, hemen guztiz arrunta izan delako hori oraintsu arte). Argi berri honetan, berriz, bere siniestrotasun osoan ageri zaizkit, eta dagokien lekuan klasifika ditzaket: sexu indarkeria, nik neuk egina.
Lehena udako jai giroan izan zen: Lekeitiotik Ispasterrera gindoazen kotxez, 17 bat urteko 4-5 mutil, eta bide bazterretik oinez neskak. Gorputz erdia leihatilatik atera nuen, eta haien paretik pasatzean... zapla! Haietako bati ipurdian txalo demasa eman nion. Arrisku kontuak alde batera lagata -30 kilometro orduko joanda ere aberia majoa egin daiteke-, balorazioa zuen esku utziko dut.
Bigarrena sasoi beretsuan izango zen (1988 inguruaz ari naiz) Eibarren, aratusteetan. Taberna ilun batean, nire gelako neska bat ikusi nuen tabernako beste puntan, niri bizkarra ematen. Ez nuen bereziki gustuko, baina (agian horrexegatik) harengana atzetik hurreratu, eta ipurdi masail batean “mok-mok” egin nion, gomazko bozina bati nola; irri artean lagun artera itzuli nintzen, nire balentriaz harro.
Seguru aski entzuten ari diren gizonezko askori ez zaie gauza bereziki larria egingo: “Zer kalte du, bada, ipurdia ukitzeak?” esango dute. Agian ni bezalakoak izango baitziren: gaztetxo lotsatiak, neska bati gustuko dutela argi esatera ausartu ez eta modu basati xamar honetan hurreratzen zirenak. Baina, hain zuzen ere, horixe da gauza siniestroena: ohizkotasuna, horrelakoei garrantzirik ez ematea.
Aitorpen honekin ez nabil absoluzio eske, bistan da; aspaldi nabil jaungoikozaleengandik aparte, eta gero eta balio gutxiago ematen diot barkamen kontzeptuari. Erantzukizun kontua da: gauzak izan diren bezala azaltzea, onartzea, eta aldaraztea. Aintzinan emakumea bahitzea eta bortxatzea ohizkoa zen; gizonen jabegoa ziren, nahieran erosi, saldu, trukatu eta hiltzeko moduko abereak (“la poseí”, “la maté porque era mía”)... Gure gizarteak aspaldian hoberantzko bidea hartu duen arren, edozein albistegi entzunda ikus dezakegu jokaera basati hauek ez direla oraindik desagertu; begi bistara ekartzeak haiekin behingoz amaitzeko balio dezala!