Aurtengo zenbait argazki esanguratsu ekarri ditu gogora: Korrika martxan jarri zutenen lehen kilometroa Otxandion, Carcar eta Lodosa artean lekukoa lagundu zuen ortzadarra, Juan Gorritik ordu txikietan egindako oparia edota hiriburu eta herrietako jende uholdeak. Argazki horien artetik, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubikoa nabarmendu du, euskalgintzako eta instituzioetako ordezkariek elkarrekin egindako kilometroa. Martinez de Lagosek uste du aurreko keinu batzuen segida izan zela, eta joan den abenduaren 3an Bilboko Guggemhein museoan antzeko argazki bat egon zela ekarri du gogora. Uste du azken urteotan eremu sozio-politikoan egondako aldaketek aukera eman beharko luketela elkarlanerako, behar beharrezkoak diren euskararen arnasgune politikoak sortzeko.