Amagoia MUJIKA

Ezpain gorrien iraultza

EH Bilduren kanpainak ezpainak gorriz margotuak ditu. Ispiluaren parean jarri eta bueltan bidaltzen dizun horrekin konforme eta pozik zaudenean margotzen dituzu ezpainak gorriz. Zure burua den bezalakoxea maitatuko duzula erabakitzen duzun egunean pintatzen dituzu ezpainak gorriz. Indarra, segurtasuna, ilusioa. Nire begietara, ezpainak gorriz margotzen dituenak hori guztia kontatzen du.

Amagoia Mujika.
Amagoia Mujika.

Garai bateko Egipton ezpainak gorriz margotzea osasun seinalea omen zen. Geroztik, askotariko irakurketak izan dituzte ezpain gorriek. Niretzat, esanda bezala, indarra eta segurtasuna transmititzen dituzte. Gure amonak ezpainak gorriz margotzen zituenean, kuidau!

Gustatzen zait ezpain gorrien iraultza hau. Irriaren iraultza. Lana serio egiteko irribarre bat janztea bezalakorik ez baitago.

Eta iruditzen zait hainbeste ezpain gorri elkartu diren honetan gauzak egiteko modu bat gailendu daitekeela; enpatia, elkarri ulertzeko ahalegina, gehiengoaren mesedetan jarduteko konpromisoa, egiten duzunaren gaineko konbentzimendua, koherentzia, patxada, magala...

Batzuk ezpain-margoa erabiltzen dute eta beste batzuek, ez. Baina denek dituzte ezpaina gorriak. Ez baita kontu estetikoa –nahiz eta badakidan batzuei friboloa irudituko zaizuela–, jarrera kontua da. Zure pausajea erabakitzeko ariketa kontzientea da; nolako herria zapaldu nahi duzun eta nolako pausoz izan nahi duzun herritar. Esandakoa, ezpain-margoz edo gabe, egin irri.